Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Irurtzungo kultur etxean Nafarroako Bertsolari Txapelketako bigarren azken-laurdena jokatu zuen igandean. 140 bat bertsozalek leporaino bete zuten eliza zaharra eta ederki gozatu zuten bertso festarekin.Esperientzia eta ibilbide ezberdineko bertsolariak zeuden oholtza gainean: Bittor Elizagoien beteranoa, 94an eta 99an txapeldun izandakoa, Iñigo Olaetxea eta Eneko Lazkoz iaz finalera iritsi zirenak, Oier Lakuntza iaz finalaren atean geratu zena, Ekaitz Astiz txapelketan esperientzia hartzen ari dena eta Irati Majuelo txapelketako bertsolari gazteena eta estreinakoz lehiatu zena. Bertsolarien lanak ondokoak ziren: zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso, hamarreko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta, amaitzeko, kartzelakoan, zortziko txikian bi punturi erantzuna eta gaia emanda bakarka bi bertso. Saioaren hasieratik bertsolariek 2011ko ardoa ona zela iragarri zuten eta baita bete ere, bertso ederrak entzuteko aukera izan zen eta. Oier Lakuntzak eta Eneko Lazkozek entzuleen barreak eragin zituzten beherapenetan zegoen soinekoagatik lehian, Eneko Lazkoz Afrikako oporretatik bueltan hunkituta agertu zen eta Oier Lakuntza eta Irati Majuelo aitona-ilobek gerrako orbainak izan zituzten hizpide. Kartzelakoan, bertsolariak Santiago Bidean jarri ziren. Oier Lakuntzak aretoa hunkitu zuen, bere gaitzarekin gainditu behar izan dituen oztopoak Santiago Bidekoekin konparatuz. Eneko Lazkozek, berriz, Nafarroako Bertsolari Txapelketan nagusi ikusi zuen bere burua eta ospatzeko Santiago Bidea egin zuen tabernaz taberna.Oraindik ezin esan etxarriarrak txapelketa irabazi duenik, baina lehen urratsa eman du behintzat eta, atzokoan gailenduta, zuzenean finalerdietarako sailkatu da. Etxarriarrak 324,5 puntu eskuratu zituen. Haren atzetik, orpoz orpo geratu ziren Iñigo Olaetxea (314 puntu) eta Oier Lakuntza urdindarra (311,5 puntu). Bittor Elizagoien laugarrena izan zen (281 puntu) eta azken postuetan Ekaitz Astiz (261,5) eta Irati Majuelo (259 puntu) sailkatu ziren.Sakanako bertsolariek jarraitzaile andana izan zuten Irurtzungo saioan eta pozik hartu zuten epaimahaiaren ebazpena. Ikusleen artean aurpegi ezagunak ere baziren. Bertan, izan ziren, besteak beste, Xabier Silveria, Estitxu Arozena, Oskar Estanga eta Saioa Alkaiza bertsolariak. Akaso, bertso saioaren maila aurreikusi zuten.Finalaurrekorako txartela jokoanEneko Lazkozek dagoeneko finalaurrekoetara begira jarri gaitu sakandarrak. Irurtzungo kanporaketan lehen postuan sailkatu ondoren, zuzenean Berako finalaurrekora sailkatu da. Martxoaren 12an du hitzordua. Aurrez aurre izanen du Oskar Estanga eta puntuen arabera sailkatuko diren beste lau bertsolari. Oier Lakuntza hirugarrena izan zen, baina lortutako puntuazio altuari esker (311,5) hanka bat finalerdietan duela esan dezakegu. Izan ere, lehen bi azken-laurdenen ondoren zortzi bertsolari ditu atzetik. Asteburuko saioetan bakar bat bere atzetik geratzea nahiko da urdindarra finalerdietara sailkatzeko.Tafallako saioan Xabier Terrerosek lortu zuen finalaurrekoetarako txartela. Gainerako sailkatuak asteburuan erabakiko dira. Larunbatean, Donezteben, Iñaki Aleman, Jon Barberena, Saioa Alkaiza, Iñigo Ibarra, Xabier Silveira eta Iban Garro sartuko dira lehian. Igandean, berriz, Julen Zelaieta, Jon Elizetxe, Aimar Karrika, Aritz Saragueta, Patxi Castillo eta Josu Sanjurjo lehiatuko dira Berriozarren.