Markel Irizarrek lider jarraitzen du Andaluziako Itzulian

Guaixe 2011ko otsailaren 23a

Atzo Andaluziako Itzuliko hirugarren etapa jokatu zen, Otura eta Jaen artean, 175 km-koa. Euskaldunak behin eta berriro saiatu ziren lasterketa apurtzen, eta tartean ihesaldi saiakera egin zuten Orbeako Xabier Zabalok, Euskalteleko Pablo Urtasunek eta Rural Kutxako Galdosek . Baina azkenean tropel nagusia batuta iritsi zen Jaengo helmugara eta esprintean Movistarreko Fran Ventoso izan zen azkarrena. Xabier Zabalo 31.a sartu zen, Gorka Verdugo 57.a eta Pablo Urtasun 71.a, denbora berean. Sailkapen nagusian ez dago apenas aldaketarik eta RadioShackeko Markel Irizarrek jarraitzen du lider. Pablo Urtasun 47.a da, 2:34ra, Gorka Verdugo 54.a, 15:42ra, eta Xabier Zabalo 101.a, 24:04ra. Gaur laugarren etapa jokatuko da, azkenaurrekoa, La Guardia eta Kordoba artean, 174 km-ko proba, mendate aipagarririk gabekoa. Ihesaldietarako aproposa da etapa, baina ziurrenik esprintean erabakiko dela.