Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Profesionalek bezala, afizionatuek ere ekin diote txirrindularitza denboraldi berriari. Igandean, Extremadurako Don Beniton elite eta 23 urtez azpiko Espainiako Kopako lehendabiziko proba jokatu zen, Guadianako Zirkuitua. Rural Kutxa talde sakandarrak sekulako potentziala duela demostratu zuen eta talde sakandarreko Vicente Garcia de Mateos gailendu zen Guadianako Zirkuituan (4:03:52), Cueva Soplao taldeko Jesus Ezkerrarekin jokatu zuen esprint gogorrean nagusitu eta gero. Rural Kutxako Francisco Javier Moreno hirugarrena sailkatu zen, 3 segundora, eta mendiko irabazlea izan zen. Horrela, denboraldiko bigarren garaipena lortu du afizionatuen Rural Kutxak. Hurrengo asteburuan Espainiako Koparako baliagarria den bigarren proba jokatuko da Murtzian, Guerrita Trofeoa. Egia esan Rural Kutxak talde sendoa eraman zuen Extremadurara, kalitate handiko taldea, Euskal Herri mailan eta baita Estatu mailan ere afizionatuen tropelean talde erreferenteetako bat izango dela erakutsiz. Euskal Herriko probak asteburuan abiatuko diraDagoeneko hasi dira master mailako txirrindularitza probak, igandean Virgen del Romero Kaskanteko Hiria Trofeoa jokatu baitzen. Igandean, otsailaren 25ean, Fiteroko V. San Raimundo Trofeoa izango dute jokoan masterrek 10:30ean, 104 km-ko proba. Bestalde, Nafarroako junior mailako txirrindulariek igandean hasiko dute denboraldia, Villatuertan, 33. San Veremundo Zirkuitua baitute jokoan 11:00etan, 77 km-ko proba. Tartean ariko dira Sakanako Aralar Taldeko eta Burunda Taldeko txirrindulariak. Eta afizionatuen tropela lanean hasiko da. Larunbatean Euskaldun Torneoa abiatuko da, elite eta 23 urtez azpiko mailakoa, Zumaian 9:30etik aurrera jokatuko den lasterketarekin (112,5 km). Igandean, aldiz, Lehendakari Txapelketari emango zaio hasiera, Soraluzen 9:45ean abiatuko den 118 km-ko probarekin. Lehen 19 eta 20 urteko txirrindulariak aritzen ziren Lehendakari Txapelketan eta horretaz gain 23 urtez azpiko Torneoa zegoen. Baina aurten arauak aldatu dituzte eta 23 urtez azpiko txirrindulariak ariko dira Lehendakari Txapelketan. 23 urtez azpiko Torneoa desagertu da. Afizionatuen mailako tropela, hortaz, lanean hasiko da gurean. Gogoratu talde sakandarra badugula, Rural Kutxa, bi txirrindulari nafar dituela: Francisco Javier Moreno eta Beñat Txoperena. Horretaz gain Sakanako makina bat txirrindulari aritzen direla beste taldeetan, esaterako Telco,m taldean dabiltzan lau sakandarrak: Eneko Otxagabia lakuntzarra, Mikel Rubio irurtzundarra eta Burundatik datozen Ion Irigoien urdiaindarra eta Andoni Palomino altsasuarra. Azysa taldean Mikel Astiz ihabartarrak jarraitzen du.