Hasi da denboraldia

Guaixe 2011ko otsailaren 22a

Nafarroako Irristaketa Federazioak antolatutako irristaketa txapelketak hasi dira. Sakanatik hiru klub ariko dira: Olaztiko Sutegi, Altsasuko Irristaketa Taldea eta Urdiaingo Aitziber elkartea.Larunbatean Txikien Ligari eman zitzaion hasiera Barañainen, Lagunak pistan. Aipatu ligan ondoko kategoriak aritu ziren: miniak, benjaminak eta kimuak. Sakanako kluben entrenatzaile Juli Acebesek aipatu duenez, Sakanako irristalariak - 35 inguru - oso ongi aritu ziren eta arratsalde polita pasatu zuten. "Denboraldi hasierarekin kontentu egon gaitezke" nabarmendu du entrenatzaileak. Larunbatean, otsailaren 26an, Nafar Kirol Jolasen eta Nagusien Ligaren hasiera izanen da. Nafar Kirol Jolasetan haurren mailakoak eta gazteen mailakoak aritzen dira, eta Nagusien Ligan juniorrak eta seniorrak. Txantrean jokatuko da aipatu bi txapelketen lehen jardunaldia, goizeko 10:00etatik aurrera.