Lau abeltzain Nueva Rumasaren krisiagatik kaltetuta

Guaixe 2011ko otsailaren 23a

Ruiz Mateos familiaren Nueva Rumasa taldeko 10 enpresa kaudimengabe edo insolbente deklaratu dira. Horretaz gain, Konkurtso Legeko prozedura berezi bat erabiliz duten zorra birfinantzatu nahi dute ordainketa-etendura ez egiteko. 10 enpresa horien artean dago Sakanako lau abeltzainei esnea biltzen dien enpresa ere. Ihabarko Sociedad Hermanos Irurtzun eta SAT Oller, Irañetako SAT Mendi txuri eta Etxarri Aranazko Berroeta dira Nueva Rumasaren egoerak kaltetu dituen abeltzaintza ustiategiak. TaldeanUltzamako eta Sakanako 20 abeltzainek talde bat sortu zuten, guztien artean batu eta esnea prezio hobean saltzeko. Nafesne izena eman zioten taldeari. Hori duela 15 bat urte izan zen. Hasieratik Nafesnek hiruzpalau talderi saltzen die esnea. Horien artean Nueva Rumasa taldeak Zaragozako Utebo herrian duen plantari saltzen zioten (Sali esnea). Nafesne taldeko bozeramaile Pello Dorai udabearrak azaldu digunez, "duela urte bat arazoekin hasi ziren: atzerapenez ordaintzen, 90 egunera, zor-agiriekin". Horrela zorra sortu zen". Doraik azaldu digunez, Nafesnek eta Salik zorra negoziatu zuten eta hura ordaintzen hasi zen enpresa. "Eta orain hau!" Saliren zorra ordaintzeaz Cacaolat enpresa arduratu zen, bere egin baitzuen. Cacaolat ere Nueva Rumasa taldeko beste enpresa bat da. Bai Cacaolat, bai Sali egoera berean gelditu dira. Pasa den astean komunikabideen bidez Nueva Rumasa taldeko enpresen egoeraren berri izan zutela esan digu Doraik. Berehala esnea bidaltzeari utzi diotela azaldu digu, eta erosle berriak bilatzen ari direla. Azken hori zaila dela ere gaineratu du. Duela urte bat Nafesne taldeak antzeko egoera bizi izan zuen. Orduan Capsak (Central Lechera Asturiana) martxoaren akaberan haien esnea biltzeari utziko ziola jakinarazi zien. Orduko hartan Nafarroako Gobernuaren bitartekaritzarekin, eta Ministerioaren laguntzarekin, handizkako ekoizleak esnea biltzen jarraituko zuenEgoera larriaAbeltzaintza sektorearen panorama "txarra" dela aitortu digu Doraik. "Esnearen prezioa aspalditik izoztuta dago. Eta duela bi urte behera egin zuen". Ekoizpen gastuak, berriz, gora egin dutela nabarmendu du, zerealen eta gasolioarenak aipatu dizkigu adibide gisa. "Boltsak gidatzen ditu zerealen prezioak eta dena multinazionalen esku dago. Ez dago garbi zergatik egin duen gora zerealen prezioak". Hori guztia salatzeko, aurreko ostiralean EHNE sindikatuak protesta ekintza egin zuen Iruñean. Abeltzaintzako sektoreek bizi duten krisi sakonari aurre egiteko plana eskatu zuen EHNEk. Aldi berean, salatu zuten lehengaien eta nekazaritzako intsumoen prezioen garestitze ikusgarriak ekoizteko kostuak izugarri igo dituela eta abeltzainen ekonomia porrot egitera eraman duela.