Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lakuntza eta Arbizuko Udalek elkarlanean ari dira herritarrei zerbitzu berri bat eskaintzeko: haur eskola publiko eta euskalduna. 0 eta 3 urte bitarteko haurrak hartuko dituen eskolak irailean, ikasturte berriarekin batera hasiko du bere martxa. Atzo bi udaletako ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten. Azaldu zutenez, haien helburua da, batetik, familiei lan bizitza eta familiarra erraztea. Bestetik, "familiei kalitatezko hezkuntza zerbitzua eta laguntza zerbitzua eskaini nahi diegu". Oihane Uribe-etxeberria Lakuntzako zinegotziak zehaztu zuenez, "gure helburu nagusiena haurrei kalitatezko hezkuntza eskaintzea da haurrak bere gaitasun guztiak garatzeko, bai afektuzkoak, bai sozialak, bai fisikoak, bai sentsomotoreak". EzaugarriakJosu Mendinueta Arbizuko alkateak azaldu zuenez, "haurraren garapen psikoebolutiboari begira haur eskolako edukiak bost eremutan banatuko dira: afektu eta gizarte harremanak; gorputza; ingurune fisiko eta sozialaren aurkikuntza; komunikazioa eta hizkuntza eta, azkenik, gorputz adierazpena, plastikoa eta musikala". MatrikulazioaHaur eskola irailaren 1etik uztailaren 31ra arte egonen da zabalik. Itziar Lizarraga, Arbizuko zinegotziak azaldu zuen martxoaren 1etik 17ra egin daitekeela aurre-matrikulazioa. Bi udaletxeetatik pasa daitezke interesatuak, 10:00etatik 14:00etara. Bi herrietako haurrek izanen dute lehentasuna, baina Nafarroako Gobernuak jarritako baremoak jarraituko dituzte. Jose Ramon Garinek azaldu zuenez, "ordutegia gurasoen beharren arabera moldatzen saiatu gara". Hiru eskaintza izanen dira: eskolatze osoa eta jantokia (7 ordu); eskolatze erdia eta jantokia (4 ordu) eta, azkenik, eskolatze erdia, jantokirik gabe (4 ordu). Nafarroako Gobernuak zehaztutako tarifak aplikatuko dira. Mila metro karratuko eraikinaEraikinaren hiru laurden gela, bulego eta bestelako azpiegituretarako bideratuko dira. Eraikinaren beste laurdena estaliko patio gisa erabiltzeko erabiliko da. 72 haurrendakoHaur eskolak 3 unitate bikoitz izanen ditu. 0-1 urte bitarteko 8 haur unitateko. 1 eta 2 urtekoetan 12 haur unitateko eta, azkenik, 2 eta 3 urte arteko haurren unitateak 16 txikirendako izanen dira. Beharren arabera irekiko dira unitateak.Milioi bat euroAurrekontu hori du haur eskolak. Lanen %80 Arbizuko Udalak ordainduko du eta %20 Lakuntzakoak. Hezkuntza Departamentuak lanen %65a diruz lagunduko du. Mantenua udalek erdibana eginen dute. Lanak ekaina erdialderako despedituko dituzte.