Galerna Iratxe Esnaolaren (Donostia, 1983) lehendabiziko eleberria da. Ondarruko udalak eta Elkarrek antolatzen duten nobela laburrendako IX. Agustin Zubikarai saria lortu zuen joan zen urtean. Idazlea Txilen bizi da gaur egun, Santiago unibertsitatean irakaslea da.Istorio motza bezain intentsoa da neguaren erdialde honetan proposatu nahi dizuedan irakurgaia: S.S. izena duen kostaldeko hiri batean kokatzen da; abuztuaren 31n, oporraldia despeditzear dela, udatiarrak etxerako buelta prestatzen ari direla. Bero itogarria lagun, galerna iragarrita dagoen egunean. Espazioa ere txikia, elkarren ondoan dauden hotel, hondartza eta apartamentu batean gertatzen baita dena.Pertsonaia nobela dela esan zuen autoreak: " Pertsonaia bakoitzari galdetu diot zein den, benetan nor den, eta horrek sakontasuna ematen dio eleberriari, baina lan handiena ere horrek berak eman dit, pertsonaia bakoitzari galdetzeak zein den".Lau dira istorio honetako pertsonaiak: senar-emazte atzerritarrak, Nora Becheler helduaroan sartzen ari den emakume ederra eta Sebastian Bachener, desio debekatuetan murgildu den gizon heldua; maitasuna bilatzen duen hoteleko zuzendaria eta maitasuna eta arreta behar dituen adin txikiko alaba. Guztiak daude lehertuko duen galernaren zain, baina eztanda egingo duena lau pertsonaien arteko amodio harremana izango da, ezkutuko eta ia ilegalak baitira. Tentsioa eta intentsitatea handitu ahala pertsonaien barneko galerna azaleratzen joango da: senar-emazteen amoranteak hoteleko zuzendari eta haren alaba izango dira; aitak, bere zoriontasuna bilatzeko lanetan itsuturik, kasurik egiten ez dion alabari; emakume heldu eta neskaren arteko edertasun leia; Sebastianen barne borroka eta beldurra adin txikiko neskarekiko desio eta sexu-harremanarengatik. "Ez diot esan nahi irakurleari ‘nobela gai honi buruzkoa da’; bakoitzak egingo du bere interpretazioa." - esan zuen Iratxe Esnaolak, beraz, irakurle, zeuk esan beharko duzu zeri buruzkoa den eleberri hau.Izaskun Etxeberria Zufiaurre