Sakanako bi bertsolariak final-erdien zain

Guaixe 2011ko otsailaren 28a

Asteburuan jokatu dira Nafarroako Bertsolari Txapelketako azken final-laurdenak Donezteben eta Berriozarren, eta haiekin argitu da zein bertsolari izanen diren final-erdietan. Joan zen astean aurreikusi genuen bezala, Eneko Lazkozekin batera final-erdietan izanen da Oier Lakuntza urdindarra ere. Bi sakandarrak, atzera ere, saio berean igoko dira oholtza gainera. Martxoaren 12an dute hitzordua, Beran. Asteburuak utzi zuenaAsteburuko saioetan ikusmira berezia sortu du Doneztebekoak. Urte beteko atsedenaren ondoren, bertan itzuli zen lehiara Xabier Silveira, eta txapeldun ohiak ez zuen huts egin; Lesakarrak segurtasun handia erakutsiz, nagusitasunez irabazi zuen, 341 punturekin. Hortaz, zuzenean sailkatu da martxoaren 26ko Elizondoko saiora. Bestalde, Berriozarko saioan Aimar Karrika auriztar gazteak lortu zituen puntu gehien (316) eta hura ere Elizondoko final-erdian izanen da. Bertsolariek saio polita egin zuten eta seitik bost final-erdietara sailkatu dira.Final-erdien zainSakandarrek ireki zituzten final-laurdenak eta final-erdietan ere lehen saioan igoko dira oholtza gainera. Martxoaren 12an dute lehia Beran. Bertan, zain izanen dituzte iazko txapelketako lan onari esker zuzenean final-erdietara sailkatu den Oskar Estanga, eta puntuazioari esker lehen kanporaketa gainditu duten Jon Barberena, Saioa Alkaiza eta Jon Elizetxe. Martxoaren 19an, Leitzan izanen dira Estitxu Arozena (iazko txapelketatik sailkatuta), Xabier Terreros (Tafallako final-laurdenean lehena), Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes Itturri, Josu Sanjurjo eta Migel Mari Elosegi Luze. Azkenik, martxoaren 26an, Elizondon, aurrez aurre izanen dira Julio Soto iazko txapelduna eta Xabier Silveira txapeldun ohia, Aimar Karrika (Berriozarren lehena), Julen Zelaieta, Iñigo Ibarra eta Aritz Saragueta. Bi txapeldunen arteko lehiak Elizondora begira jarriko ditu bertsozaleak, baina sakandarrek lehen faseko mailari eusten badiote sorpresa eman dezakete. Izan ere, final-laurdenetan, Silveiraren atzetik Eneko Lazkozek lortu ditu puntu gehien (324,5) eta Oier Lakuntza seigarrena izan da (311). Ea zortzi finalisten artean ikusten ditugun.www.bertsosarrerak.euFinalaurrekoetarako (8 euro) zein finalerako (18 euro) sarrerak salgai daude web orrian.