Haur kantariendako deia

Guaixe 2011ko otsailaren 28a

Nafarroako Kantuzaleen Elkarteak joan zen astean aurkeztu zuen aurtengo Haur Kantari Jaialdia. Kantu-festaren helburua euskal kulturaren transmisioa eta kantuzaletasuna sustatzea da. Izena ematera gonbidatu zituzten Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako haur eta gazteak (6 urtetik 16 urtera arte).Martxoaren 19an hasiko da lehia Tafallan eta apirilaren 17an amaituko da Iruñeko Gaiarre antzokian. Bertara gonbidatuko dituzte lau saioetan nabarmendu diren abeslariak. Sakanak ez du kantu saiorik hartuko, baina, aurreko edizioetako martxa ikusita, pentsatzekoa da parte-hartzaileen artean zenbait sakandar izanen direla. Azken urteetan maila ederrean dabiltza Altsasuko eta Lakuntzako gaztetxoak. Izena emateko epea irekita dago martxoaren 15era arte. Interesatuek Kantuzaleen Elkartera jo dezakete (nafarroagaraia@kantuzale.net helbidea eta 948 14 47 06 zenbakia).