Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuten hainbat sakandarrek Guardia Zibilak bidalitako isunak jaso dituztela. Denen artean 12.000 eurotik gorako diru kopurua egiten dute. Agerraldian salatu zuten errepresioak zigor ekonomiko moduan aurpegi berria erakutsi duela. Isuna jaso duten sakandarrak, "independentista, ezkertiar, abertzale eta gazteak" dira. Ikasturte honetan egindako sarekadak salatzeko mobilizazioetan parte hartzeagatik jaso dute 450 euroko isun bana. Haien ustez, "errepresioa erabiltzen dutenak zigortu beharrean, errepresioa eta sarekadak salatzen ditugunok zigortzen gaituzte, neurriz kanpoko isunekin gainera".Eskaera bikoitzaIsuna jaso duten sakandarrek nabarmendu dutenez, "gaur egun Euskal Herrian bizi dugun fase politiko berria kontuan hartuta, lekuz kanpo daude erabat horrelako neurriak". Agintari politikoei "arduraz jokatzea" eskatu zieten eta, aldi berean, salatu zuten adierazpen askatasunaren eta manifestazio eskubideen kontra jotzea ez dela onargarria. Sakanako instituzio eta udalei inplikazio berezia eskatu zieten Guardia Zibilaren errepresio neurri oro salatzeko, eta bereziki Altsasuko Udalari, "bertan baitago kuartela". Azaldu zutenez, udalek "errepresioaren gaiarekiko duten erantzukizuna eta eskumena neurtzen hasi beharko dira". Sakandarrei ere zuzendu zitzaizkien. "Salbuespenezko neurri hauek gelditzeko herritarrak zuzenean inplikatu nahi ditugu, ozen eta garbi esateko ez dugula Guardia Zibila hemen nahi". Aurrerantzean eginen diren ekintza eta mobilizazioetan parte hartzera deitu zuten asteartean.