Torturaren kontrako ekimena aurkeztu dute

Guaixe 2011ko martxoaren 3a

Torturaren aurkako dekalogoa aurkeztuko dute Parlamentuan eta udaletanHerenegun torturaren aurkako ekimena aurkeztu zuten Iruñean. Nabarmendu zutenez, Nafarroan azken hilabeteetan atxilotutako pertsona gehienak tortura salaketak egin dituzte. "Salaketa hauek ez dira isolatuak, azken hamarkadetan kopuru asko jaso baititugu".  Tortura "sistematikoa" dela azpimarratu zuten eta harekin bukatzeko Nazio Batuen Erakundeak, Amnistia Internacional eta Torturaren Aurkako Taldeak proposatzen dituzten neurriak ezartzea ezinbestekoa dela nabarmendu zuten. Ekimenaren sustatzaileak "gure herrian ematen diren bortizkeria era guztien amaieraren alde lan egiteko konpromisoa" dutela azaldu zuten, horien artean tortura. "Eszenatoki demokratiko berri bat eraikitzeko oztoporik handienetarikoa" dela nabarmendu zuten. Torturarekin bukatzeko eskaerarekin udalek eta Nafarroako Parlamentuak bat egiteko mozioak aurkeztuko dituzte. Horrekin batera, parlamentuari ere eskatuko diote azken sarekadetan egin diren tortura salaketak aztertzeko ikerketa batzordea osatzea. DekalogoaTorturarekin bukatzeko hamar neurri proposatu dituzte ekimenaren sinatzaileek. Hura jasotzen duten mozioa dagoeneko onartu dute Uharte Arakil, Lakuntza, Arbizu eta Altsasuko udalek. Inkomunikazio aldia desagertzea, atxilotuen eskubideak murrizten dituzten arauak desagertzea, Espainiako Audientzia Nazionala desagertzea eta epaile naturalen alde egitea eskatzen da. Horrekin batera, atxilotuek konfiantzazko medikuaren bisita pribatua izateko eskubidea,  atxiloketa aldia grabatua izatea, atxilotuek abokatua izendatzeko eskubidea bermatzea eskatu dute ekimenaren sustatzaileek. Azkenik, egun zabalik dauden tortura kasu guztiak eta iraganean inolako ikerketarik egin gabe  itxi zirenak eraginkorki ikertu eta horien epaiketa egitea eskatu da. Baita, tortura delitu preskriba ezina bihurtzea ere. Gainera, torturapean lortutako deklarazioetan oinarritutako epaiketak eta beraien ondorioak baliogabetzea da. Bukatzeko, torturatu guztiek beharrezkoa duten asistentzia mediku, juridiko eta psikologikoa jasotzen dutela bermatzea.