Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ilbeltzean publikatu genuenez, Altsasuko Mendigoizaleak taldeko eski sekzioa aspalditik dabil Urbasan eskiatu ahal izateko lana egiten. Makina bat asanblada eta bileren ostean aurrera egitea erabaki zen eta eski zale ugari bildu ziren egitasmoan. Altsasuko Mendigoizaleak klubak hartu zuen baimenak, lege kontuak, izapideak eta beste egiteko ardura. "Gure helburua ez da Urbasa eski pista bilakatzea, inondik inora. Soilik elurra egiten duenean txukun eskiatu ahal izateko xenda edo ibilbide bat prestatzea zen gure asmoa. Sekulako lana egin genuen eta Nafarroako Gobernuari gure asmoen berri eman genien 2009an, eta baimena eskatu. Ez zegoela inolako arazorik erantzun ziguten hitzez. Otsaportilloko bidea polita iruditzen zitzaigun, baina bertatik trafikoa ibiltzen zenez beste ibilbide batean pentsatu genuen. Baina aipatu ziguten 2010eko ilbeltzerako indarrean sartuko zela elurra edo izotza egitean Otxoportillotik zirkulatzeko debekua. Hau da, kasu horietan zirkulazioa itxiko zela, eta, hortaz Otxoportilloko proiektua berrartu genuen. Ingurumen Departamentutik idatzizko baimena jaso bitartean hitzez esan ziguten ez zegoela inolako arazorik eta gure egitasmoarekin aurrera jarraitu genuen" adierazi digute Altsasuko Mendigoizaleak taldeko eski sekzioko arduradunek. Eskian aritzeko ibilbide politaHelburua sinplea zen: ahalik eta ekipamendu gutxienarekin elurra prestatzea, hau da, elurra egiten duenean elur hori zanpatzea eta arrastoa uztea, Bardoitza bidegurutzetik (Urbasako errepidea) Otsaportilloko zubira arte, eta hori egin eta gero, ibilbidea luzatu, Urbasa Lizarragako Tunelarekin lotzen duen pistara arte, Tximista bidegurutzetik. Horrela, eskiatzaileek txukun aritu ahal izateko bidexka izanen lukete Urbasa-Andian. Altsasuko Mendigoizaleak taldeko eski sekzioko talde batek ekipamendua hobetzeko ardura hartu zuen, eta egindako zozketa eta jasotako ekarpenei esker abenduan elur-moto bat erosi zuten, elurra zapaltzeko makinaz tiratzen duena. Aurretik lur orotako ibilgailuek eramaten zuten elurra zapaltzeko makina, baina elur-motoa sekulako aurrerapena ze,n eta ordutik makina hori egokitzen dabiltza. Modu batez hala bestez elurra egiten zuenean aipatu bidean elurra zapatu eta eskiatzeko toki txukuna prestatzen zuten, eskiatzaileek eskertzen zutena. Elurrarekin ez dago autoa non aparkatuArazo bat dago, ordea. Elurra egiten duenean elurra kentzeko makinek soilik Urbasako errepidea garbitzen dute. Ez dituzte aparkamenduak garbitzen. "Gu jakitun ginen hori arazo handia dela. Gu goizean goiz lur orotakoarekin eta palarekin igo eta 6 auto ingururako eremua garbitzen genuen gure kabuz, baina ezin genuen gehiago garbitu. Soilik bidea egoten da garbi eta jendeak ez du autoa non utzi. Eta, jakina, zirkulazio arazo handiak sortzen dira. Horregatik aparkamenduak garbitzeko eskaria tramitatu genuen. Jakitun gara hori ez dela soilik eskiatzera igotzen garenon arazoa, jende asko igotzen baita Urbasara elurra egiten duenean, besterik gabe paseoa ematera edo elurra zapaltzera eta haurrekin jolastera. Baina Zudairera bitartean ez dago aparkatzeko tokirik, campinga ez bada, aparkamenduak elurrez gainezka baitaude" azaldu dute eski taldekoek. Lana egiteko baimenik ez dutela esan dieteEta nonbait, burokrazia arazoak sortu dira. "Ingurumen Departamentutik eskatu diete Herri Lan eta Garraio Departamentukoei elurra egitean aparkamenduak garbitu ditzaten eta badirudi ez direla ados jartzen. Eta arazoa konpondu beharrean, basozainen nagusiak adierazi digu guk oraindik ez dugula Ingurumen Departamentuaren baimena jaso Otsaportillon elurra zanpatu eta arrastoa uzteko, eta, hortaz, ezin dugula hori egin. Ez dira konturatzen aparkatzearena ez dela soilik gure arazoa, eskiatzaileena, Urbasara doan jende guztiarena baizik, eta guri egindako debeku horrekin ez dutela ezer konpontzen. Konponbidea oso erraza da, elurra egiten duenean elurra-kentzeko makinak pixka bat gehiago sartzea eta aparkalekuak garbitzea, baina ez dira adostasun batera iristeko kapazak izan" azaldu dute Altsasuko Mendigoizaleak taldeko eski arduradunak. Hartutako erabakia "erridikulotzat" jo dute. "Burokrazia arazoengatik ez dira kapazak izan aparkalekuak garbitzeko bezalako neurri logiko eta erraz bat hartzeko. Guk bere garaian plano zehatzak bidali genizkien, non garbitu behar zuten adierazten zutenak, eta proposatu genien ere guk pala bati ordainduko geniola aparkamentu txiki bat zabaltzeko kostea. Baina ez ziguten ezer esan. Soilik esan digute ez dugula elurra zapatzeko baimenarik" kexatu dira eskiatzaileak. Eta, hortaz, hemendik aurrera ezingo dute eskiatzaileek horrenbeste preziatzen zuten lan hori egin. "Eskiatzen jarraitu ahalko da Urbasan, hori ezin baitute debekatu, baina elurra prestatu gabe egonen da. Eta autoak non aparkatu arazo larria izaten jarraituko du oraindik" gaineratu dute. Hemendik aurrera elurra zanpatzeko ekipamendua hobetzeko lanetan jarraituko dute Altsasuko Mendigoizaleak taldeko eski sekziokoek, baina probak beste toki batzuetan eginez. "Baimena izan bitartean ez ditugu gure elurra zapatzeko makinak Urbasa-Andian sartuko, ez dugulako inolako arazorik nahi. Dena den, argi dago ez dutela Urbasa-Andia behar bezala bulkatu nahi, elurra egiten duenean jende asko baitoa mendira, eta autoa uzteko tokirik ez egoteak kudeatzaileen interesa nolakoa den argi erakusten du" ondorioztatu dute. www.altsasukomendigoizaleak.com Aipatu web orrian eski ekimenari buruzko informazio guztia topa daiteke.