Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean ospatuko da Emakume Langilearen Nazioarteko eguna. Aurtengoan martxoak zortzia astearte ihotearekin bat egin du eta ekitaldiak aurreratzea edo atzeratzea ekarri du. IrurtzunGaur hasi eta hilaren 19ra bitartean luzatuko dira Emakumeri buruzko XVIII. jardunaldiak. Eta hasteko, gaur bertan, 20:00etan, Helena Taberna zuzendari altsasuarraren Nagore dokumentala ikusteko aukera izanen da. Ondoren, iritzi trukea izanen da. Igandean, berriz, emakumea gai nagusi dute film laburren emanaldia eginen da Pikuxarren. Urko Mauduitek aurkeztuko du emanaldia, 18:00etan. Hura despeditzean bildutakoek txokolatea dastatzeko aukera izanen dute. Emakumeen jardunaldien antolatzaileek astelehenetan 20:00etan Iruñeko Gaztelu plazan egiten den Astelehen Lilak kontzentrazioan parte hartzera gonbidatu dituzte irurtzundarrak. Sexu indarkeria eta emakumeen hilketak salatu nahi duten herritarrak Irurtzungo plazan 19:00etan bilduko dira, gero Iruñera joateko. Aurreko edizioetan bezala, aurten ere afaria antolatu da jardunaldiaren barruan. Hilaren 12an izanen da, larunbatarekin, Iratxo elkartean. Afaltzera joan nahi duenak asteazkenera arte du izena emateko epea. Horretarako Iratxotik, kultur etxetik edo Pikuxartik pasa beharko da. Irurtzungo Emakume Taldeak antolatu du jardunaldia Kultur Kontseiluaren eta Udalaren laguntzaz. AltsasuAltsasuko Udalak onartua du gizon-emakumeen aukera berdintasunerako lehen plana. Han jasotzen den programetako batean emakumeen hiritartasun osorako baldintzak sortzera bideratuta dago. Hala, Altsasuko Udalak emakumeen eskubide, askatasun, zerbitzu eta prestazioen berri izateko jarduera positiboak garatzen ditu. Eta horietako bat eginen du martxoan ere. Udalak jakitun da emakumeen pobrezia maila handiagoa dela eta dituzten kargengatik emakumeak etxetik ateratzea zailagoa dutela. Hala ere, emakume altsasuarrak dira herriko kultur kontsumitzaile handienak eta, bereziki, zinemarena. Horregatik, emakumeei zuzendutako zinema zikloa antolatu du udalak martxoan. Bestetik, hileroko literatura tertulia Marina Aoiz Monrealen Hojas Rojas liburuaren inguruan ariko da. Hilaren 17an izanen da, 18:00etan. Udalaren Emakumearen bilguneak, bestalde, etxerako konponketak ikastaroa antolatu du. Iturgintza, elektrizitate eta zurgintza arloko tresnei beldurra kendu eta konponketa sinpleak egiten ikasteko modua eskainiko du ikastaroak.18 urte baino gehiago duten emakumeei zuzenduta dago ikastaroa. Bost saioa izanen dira, hilaren 17, 24 eta 31n eta apirilaren 7 eta 14an. Ostegunak dira eta 18:00etatik 20:00etara iraunen du ikastaroak. Izen ematearekin batera 15 euro ordaindu beharko dira. Lehentasuna emakume altsasuarrek izanen dute. La Encina elkarteak aurten ere emakumearen eguna ospatuko du, domekan hain zuzen ere. 14:30ean bazkaltzera bilduko dira emakumeak eta ondoren dantzaldiaz gozatzeko aukera izanen dute. Intxostiapunta gazte gunea asteartean, 17:30etik 21:00etara, zabalik egonen da. + x = , mas por la igualdad izenburuko film laburra ikusteko aukera izanen dute. Horretaz gain, gazteak emakumeak Altsasun gaia hartuta horma-irudia sortuko dute gazteek.Altsasuko bandoaEmakumearen Eguna dela eta, Altsasuko Udalak berretsi du emakumeen eta gizonen arteko aukera berdintasunaren oinarri etiko, juridiko, filosofiko eta politikoa betetzeko konpromisoa. "Hala, emakume eta gizonen arteko desberdintasunak ezabatzeko lanean jarraituko dugu eta emakumeen parte-hartzea gero eta handiagoa izan dadin ahaleginduko gara". Altsasuarrak antolatutako jardueretan parte hartzera gonbidatu ditu.OlatzagutiaEmakumeen Eguna dela Olatzagutiko Udalak biharko emakumeen topaketa antolatu du. 20:00etan plazan bilduko dira emakumeak eta argazkia aterako dute. Horren ondoren, 22:00etan afaltzera eseriko dira eta handik altxatu eta, 00:30etik 3:00etara dantzaldia izanen dute gaztetxean. Horretaz gain, ipuin-kontalari batek Munduko emakumeen inguruko saioa eskainiko du kultur etxean. Kultur etxean izanen da, domekan 19:00etan, gazte eta helduei zuzenduta.Domekan bertan, 16:30ean, Kamiogaina jubilatu elkartean merendu-afaria izanen da. Gizonek kalderetea prestatuko dute eta emakumeei zerbitzatuko diete. Ehun bat pertsona biltzea espero dute. Astelehenean, 19:30ean, kultur etxean Haizea Mirandak hitzaldia eskainiko du, genero berdintasuna gaia hartuta. Azkenik, asteartean, martxoaren 8an, 19:00etan kontzentrazioa eginen da Intsumisio plazan. Lan munduko krisiak emakume aurpegia dauka leloa du elkarretaratzeak.