ESKUTITZAK ITALIATIK I

Guaixe 2011ko martxoaren 4a

Ikasketa kontuak direla eta, asteartean heldu nintzen Emilia Romagnako Bologna hirira. Ohiko herritik alde egin eta herrialde berri batera jo dut. Milaka kilometroez gain, hemengo jende guztiaz aldentzen nauen faktore ugari suma dezaket. Beste herri bat, beste hizkuntza bat, beste kultura bat, hezkuntza ulertzeko beste era bat eta horren guztiaren ondorioz, beste izaera bat. Ba al da hiru hilabetetan faktore hauei guztiei aurre egiterik? Herrialde honetako gazteekin benetako erlaziorik garatzerik? Ba al da bata bestearengandik horren urrun kokatzen gaituen guztia apur dezakeenik?Hiru hilabeteotan biziko naizen txokoaren bila aritu naiz buru-belarri. Ohe bat eskaini dezakeen hormetako paper oro irakurtzeari ekin diot lehen egunetik, baina ezinezkoa zait gainontzeko kartel eta pintadei minutu bat ukatzea. Palestinar herrialdearen egoerari buruzko proiekzioa asteazkenean, Ipar Afrikako iraultzaren nondik norakoak ezagutzeko hitzaldia ostegunean eta "Ska Festival" izeneko jaialdia ostiralean. Hau bai ongietorria.Ostirala heldu, eta jaialdira naraman autobusean, Martensak, bomberrak eta era orotako laukidun ikurrak ageri dira. Paolo ezagutu dut bertan, Hogeita bi urteko Bolognako Skinhead gazte bat. Hogei minututan mundua konpondu eta Laboratorio Crash izeneko pabiloi okupatura heldu gara (Euskal Herrian gaztetxe bat izango litzatekeena). Bi urte daramatza zutik eta Berlusconiren Italian benetako miraria dela dio Paolok. Ska-J Veneziarren doinuak entzun ditzaket sarreratik eta hauen ondoren Holandako "Rotterdam ska-jazz foundation" izango da ohol gainean. Ohartzerako, lehen ilaran nago nire lagun ezezagunekin garagardoa konpartitzen eta ska, rocksteady eta reggae erritmoak era basati eta instintiboan dantzatzen.Ez da hizkuntzarik, ez da kulturarik, ez da izaerarik. Musikak batu gaitu berriz ere. Eta bai, uste baino lehen datorkit erantzuna. Erantzun garbi eta zehatza, baina konformismotik alde egiteko, galdera forman oraingoan ere: Ba al da musikak apur ez dezakeen mugarik?Pello Reparaz