Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aitortu beharra dut betidanik gustatu izan zaizkidala mapak. Orientazioaz gain lekuak ulertzeko aukera ederra ematen dute. Puntuek informazio ugari ematen dutela uste dut eta, txikitatik, hortxe ibili naiz mapak ikusten eta ikasten.Interneten garaian hau errazago egin daiteke, mapaz inguraturik baikaude. Aski da Google irekitzea, Sakanako edozein herri idaztea, eta han bilatuko digu maparen bat puntu hori kokatu ahal izateko. Tamalez mapa horiek gehienak ez dira libreak. Hau da, doakoak izan daitezke, baina ezin ditugu gero beste tresna batzuekin batera erabili. Zorionez, baina, badira doakoak izateaz gain libreak ere badiren tresna berriak. Jendearen parte-hartzearekin mapak eraiki eta gaurkotu daitezke, informazioa ondo zehaztu eta, gero, hainbat lekutan erabili.OpenStreetMap izango da tresna ezagunena. Jendeak eraikitako munduko mapa aske bat da, azkar editatu daiteke eta parte-hartzearekin helbide askeak ematen ditu. Tamalez Nafarroako Gobernuak ez ditu bere datuak askatzen eta, beraz, guztia eskuz egin beharra dago. Baina ari gara! Orain urtebete Altsasu begiratu eta errepide gurutze bat baino ez zen. Sakanako beste herrietan puntu bat baino ez. Gaur, ordea, kaleen izenak (euskaraz, gainera!), hainbat komertzio eta taberna, ikastetxe guztien kokalekua, mendietako hainbat pista eta eraikin garrantzitsu batzuk agertzen dira mapa horretan.Euskarazko Wikipedian Sakanako herriren bat jarrita mapa bat ikusteko aukera izango duzue goian eskubian. Hori ere eskuz, norbanakoen lanarekin, eraikia dago. Mapa hori OpenStreetMapeko bertsioa da. Jakintza librea, doan eta libre hedatzen ari gara sarean. Oraindik, baina, lan handia dugu egiteko. Sakanako herri gehienen informazioa OSM eta Wikipedian txikia da oraindik. Guk ez badugu egiten... ez du inork egingo.Ez da hau, ordea, Sakanan Interneteko mapan jartzeko dagoen leku bakarra. Pozgarria iruditu zait Bakaikun bakaiku.info bezalako ekimena sortzea. Eta Ezker Abertzaleak garatzen duen HerriPrograma2011 ekimenean ere Uharte-Arakilek lan mardula egiten duela ikus daiteke (gutxienez beste herrietako informazioarekin alderatuta!). Barcina ere ibili da Sakanako herriak bere argazki albumean jartzen, baina badirudi etxarriar eta arbizuarrek ez dutela oso ondo hartu. Eta zer esan Hitzondori buruz? Altsasuko hainbat gai (orain bereziki inauteriak) kulturaren mapan jartzen ari da egunero.Sakandarrok badugu gure lana Interneten egon nahi badugu. OSMn herri gehienetako kaleak daude jarrita, baina ziur baten bat gaizki dagoela. Eta izenak ere eman behar zaizkie. Mendietako bideak ondo markatu behar dira, baita zerbitzu eta komertzioak zeintzuk diren adierazi. Honetan ere, pauso bat harago joan beharko ginatekeela uste dut.Galder Gonzalez