Sakana klik batean

Guaixe 2011ko martxoaren 10a

Azken aldian Sakanako argazkiak berri dira. Gure bailara fotogeniak jota dagoen honetan, Beleixe irratira (FM 107,3) gonbidatu zituzten argazkilaritza gustuko duten bi sakandar, Eider Garde eta Josu Barandiaran. Haien argazkien laguntzarekin Sakanan barna bidaiatu dugu.TopoklikDuela gutxi Euskarabideak antolatutako Topoklik lehiaketaren berri izan genuen. Zenbait sakandarrek parte hartu zuen parte lehiaketan bailarako hamaika dermio argazkitara eramanez. Zoriak Sakanara ekarri zuen saria. Eider Garde Mazkiarani tokatu zitzaion kamera. Altsasuarra bere zaletasunaz mintzatu zen Sakanako irrati euskaldunean. "Txiki-txikitatik gustatu zait argazkiak ateratzea. Aita zaletua da eta kutsatu egin ninduen" azaldu zuen. Altsasuarrak zenbait lehiaketetan parte hartu izan du, "ez profesional mailakoetan, nire burua ez baitut prest ikusten, baina herrikoetan parte hartzea gustatzen zait" dio. Altsasuko peñek herriko jaietan antolatutako lehiaketan bilduma onenaren saria irabazi zuen lagun batekin batera. Eta Lurrazpi tabernak antolatutakoan ere parte hartu zuen. Euskarabideak antolatutako Topoklik lehiaketaren berri izan zuen GUAIXE astekarian, eta interesgarria iruditu zitzaion "toponimia eta argazkilaritza uztartzen dituelako". Urdiainen bizi den altsasuarrak Sarabe inguruan aurkitzen du inspirazioa, baina Sakanan argazkiak ateratzeko txoko polit asko daude dio, Iturmendi eta Arbizu herrietan esaterako. Haurren argazkiak ateratzea ere gustuko du.  360 º-ko argazkiakJosu Barandiaran altsasuarra da jaiotzez, baina 10 urte zituenetik Irunen bizi da. Hala ere, gogoan ditu txikitako txoko kuttunak eta noiz edo noiz Sakanara etortzen da argazki kamerarekin. "Aspaldi dut zaletasuna eta zenbait ikastaro egin ditut" azaldu zuen BELEIXE irratian. Kamera digitalekin mundu berria aurkitu du, "lehen argazki panoramikoak egitea zaila zen. Orain, kamera eta tratamendu programa berriekin sormen aukera eta produktuak izugarriak dira" dio. Bereziki interesgarria iruditzen zaizkio 360 graduko argazkiak. "Ingurua saltzeko aukera ona iruditzen zait. Interaktiboa da eta bakoitzak nahi duena begiratu dezake" azaldu zuen. Bide horretatik, azken aldian 360 gradutan ikusten du guztia. "Mendiekin hasi nintzen, paisajeak asko gustatzen zaizkit eta. Baina ohartu naiz herriko plazak ere ongi geratzen direla" azaldu zuen. Argazkiak egiteak badu bere lana, "batzuetan argia ez da egokia, beste batzuetan furgoneta bat dago tartean... ez da erraza" dio, "gauzak ongi egiteko material egokia eraman behar da eta gero etxean landu behar da" gaineratzen du. Pazientzia behar da, baina emaitza ikusgarria da. www.euskalnet.net/jobarandi/360/360.htm Josu Barandiaranen 360 º-ko argazkiak: Sakanako Sarabe eta San Pedro; Iparraldeko herriak; Pirinioak; Bretainia...