Sakandarrak lehen finalerdira

Guaixe 2011ko martxoaren 11

Azken-laurdenetako fasea amaituta, Nafarroako Bertsolari Txapelketa finalerdietan sartzera doa. Bihar jokatuko da lehen finalaurrekoa Berako kultur etxean. Bertan izanen dira, besteak beste, bi sakandarrak, Eneko Lazkoz eta Oier Lakuntza. Oskar Estanga gaintzarrak, Jon Barberena elizondoarrak, Saioa Alkaiza antsoaindarrak eta Jon Elizetxe gartzaindarrak osatuko dute seikoa.Iazko txapelketan egindako lan onari esker, finalerdietarako zuzenean sailkatu da Oskar Estanga. Biharkoan joan den urteko mailari eutsi duela erakutsi beharko du. Gaintzarra iaz parez pare ibili zen Eneko Lazkozekin (finalean 5. izan zen, etxarriarraren aurretik). Beraz, lehia estua iragarri daiteke. Bitan (2007an eta 2008an) Nafarroako txapeldunorde izan den Jon Barberena ez da atzean geratuko. Horiekin batera, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza eta Jon Elizetxe finalerako sailkatzen saiatuko dira. Urdindarra finalaren atean geratu zen iaz eta aurten aurrea egiten saiatuko da.LanakBertsolariek final-laurdenetako lan bera izanen dute finalerdietan: zortziko handian binaka gaia emanda hiruna bertso, zortziko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta hamarreko txikian binaka ofizioka hiruna bertso. Eta kartzelakoak, zortziko txikian bi punturi erantzun eta gaia emanda bakarka bi bertso. Finala helburuBertsolariek duten onena eman beharko dute finalera sailkatzeko. Berako finalaurrekoa irabazten duen bertsolaria zuzenean sailkatuko da Iruñeko finalerako. Gainerakoek lortutako puntuen arabera eginen dute aurrera. Zortzi finalisten zerrenda hilaren amaieran argituko da, Leitzako (martxoaren 19an) eta Elizondoko (martxoaren 26an) finalerdien ondoren. Finala apirilaren 9an jokatuko da, Iruñeko Labrit pilotalekuan.www.bertsosarrerak.euFinalerdietako (8 euro) eta finaleko sarrerak (18 euro) salgai daude.