Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
GRAVN, Federazioen arteko txapelketan, Espainiako 22 urtez azpikoan eta nazioarteko lehiaketetan ariko dira. Tartean sakandarrak daude.Nafarroako Pilota Federazioak Nafarroa ordezkatuko duten ia 200 pilotari eta teknikarien aurkezpena - 169 pilotari eta 12 teknikari - egin zuen astelehen arratsaldean Civican aretoan. Besteak beste hurrengo txapelketetan ariko dira aipatu pilotariak Nafarroa ordezkatzen: GRAVN, Federazioen Arteko Txapelketa, Espainiako 22 urtez azpiko txapelketan eta nazioarte mailako txapelketetan, ezker paretako frontoian eta baita trinketean ere. Ekitaldian Migel Sanz presidenteak eta Nafarroako Pilota Federazioko buru Migel Pozuetak hartu zuten hitza. Nafarroako selekzioan ariko diren pilotarien artean sakandarrak daude eta Sakanako pilota klubetan aritzen diren pilotariak baita ere. Esaterako, ezker paretako frontoian hurrengo ordezkariak ditugu: gazte mailako esku pilotan Mikel Beraza dugu, 22 urtez azpiko esku pilotan Jon Ansotegi, Joseba Ezkurdia eta Xabier Lukin, senior mailako esku pilotan Xuban Armendariz, eta emakumezkoen paleta gomako 22 urtez azpikoan Yanira Aristorena. Trinketean, ondokoak: emakumezkoen paleta gomako 22 urtez azpikoan Yanira Aristorena, gazte mailako esku pilotan Koldo Murgiondo eta Aitor Ijurra, eta senior mailako esku pilotan Urko Mundiñano. Eta entrenatzaileen artean Floren Aiestaranek 22 urtez azpiko esku pilotakoen ardura izango du. Asteburuan hasiko da GRAVN txapelketaAsteburuan hasiko da GRAVN-El Corte Ingles pilota txapelketa, Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia eta Nafarroako pilotariek jokatuko dutena. Afizionatuen mailako txapelketa nagusienetako bat da. Nafarroa da faborito nagusia, iaz trinketean eta ezker paretako frontoian nagusitu baitzen. Bere zazpigarren titulua jarraian lortu nahiko du Nafarroak. 302 pilotari ariko dira lehian 12 modalitateetan: ezker paretako 8 modalitate (paleta goma, paleta larrua, pala motza, eskuzkoa, zesta punta, pala, erremontea eta joko garbi), eta trinketeko 4 modalitate (eskuzkoa, paleta argentinarra, paleta larrua eta xarea). Eta txapelketa hiru mailatan jokatuko da: gazteak, 22 urtez azpikoak eta seniorrak. Hasieran ligaxka jokatuko dute talde guztiek guztien kontra. Sailkatzen diren lehenek finalerako txartela lortuko dute automatikoki, eta bigarren eta hirugarrenek kanporaketa finalerdiak jokatuko dituzte. Trinketeko finalak maiatzaren 1eko asteburuan jokatuko dira eta frontoiko finalak maiatzaren 8ko asteburuan. Guztira 350 partida jokatuko dira.Asteburuko lehen jardunaldian Nafarroak Errioxa izango du aurkari.