Ostegunean AZYSA-Conor WRC taldearen aurkezpena egin zen Zizurren. Azpiroz y Saralegi taldea duela 11 urte sortu zuen Luis Vicente Otinek, eta urtetik urtera handitzen joan da taldea. Egun erreferenteetako bat da, Rural Kutxa talde sakandarrarekin batera. Iaz 27 garaipen lortu zituen taldeak eta Espainiako Federazioko rankingean 3. Taldea izan zen. Aurten berrikuntza kanpaina jarri du martxan taldeak, eta Luis Vicente Otinek eta Iñigo Leatxek aire berria eman diote taldeari, plantillako 24 txirrindularietatik 15 berriak baitira. Taldea gaztetu dute kalitateko eta esperientziako txirrindulariekin. Azysa (150.000 euro) Conor eta gainontzeko babesleen laguntzak hori ahalbideratu du. Bi profesional ohi ariko dira Azysan, Orbeatik datorren Mikel Ilundain eta Andaluciatik datorren Martin Montenegro argentinarra. Horretaz gain, Espainiako 23 urtez azpiko txapeldun Albert Torres amateurrak kalitatea eman dio ere taldeari. Aipatu dugun moduan, Mikel Astiz ihabartarrak taldean jarraituko du. Plantilla osotik bost dira nafarrak eta 7 atzerritarrak.Jokatzen dituzten proba guztietan aurrean egoteko aukerak izango ditu taldeak eta momentuz demostratzen ari dira, dagoeneko aurten hiru garaipen lortu dituztelako.