Sakandarrak Paris-Nizan eta Tirreno Adriatikon

Guaixe 2011ko martxoaren 10a

Atzo Paris-Nizako laugarren etapa jokatu zen, etapa gorabeheratsua, 2. eta 3. Mailako 7 mendate pasa behar izan baitzituzten txirrindulariek. Etapa Thomas Voecklerrek irabazi zuen, esprintean. Pablo Urtasun eta Gorka Verdugo denbora berean sartu ziren, baina Jorge Azanza bigarren tropelean sartu zen, 13:10era. Sailkapen orokorrean Vacansoleil taldeko Thomas De Gendtek lidergoa berreskuratu zuen, atzoko etapan hirugarrena sartu eta gero. Voeckler 10 segundora du eta Pauriol 16 segundora. Gorka Verdugo 73.a da, 37 segundora, Pablo Urtasun 114.a, 8:57ra, eta Jorge Azanza 141.a, 13:34ra. Gaur bosgarren etapa jokatuko da, 193 km-koa, zazpi porturekin, azkena Col de la Mûre gogorra, helmugatik gertu. Hortaz, eskalatzaileendako izango da aukera. Igandean despedituko da Frantziako itzuli entzutetsua. Bestalde, atzo abiatu zen Tirreno Adriatiko proba, taldekako erlojupekoarekin. Rabobank izan zen azkarrena, Lars Boom buru zutela. Euskaltel-Euskadi 20. taldea izan zen, eta Egoi Martinez 135.a izan zen, 1:13ra. Italiako proba martxoaren 15era arte luzatuko da. Gaur bigarren etapa jokatuko da, Carraratik Indicatore/Arezzora bitartekoa, 202 km-koa eta esprinterrendako aproposa.