ELAk, atzera ere, industria plana eskatu du

Guaixe 2011ko martxoaren 7a

Aurreko ostiralean kontzentrazioa egin zuten ELAko ibarreko 40 bat delegatuk. Arfe eta Sakanarendako etorkizuna eskatzen zuen pankartaren atzean bildu ziren. ELAko Nafarroako koordinatzaile Mitxel Lakuntza ere bilkuan izan zen. Berak azaldu zigunez, Arfeko langileei euren babesa azaldu nahi zieten. Baina horrekin batera, Sakanak bizi duen egoera salatu nahi izan zuten. 10 urteko aldeaLakuntzak adierazi digunez, "beti esan dugu hemen gertatzen denak irakurketa politikoa duela. Hau da, Sakanan gertatzen dena oso lotuta dago Nafarroako Gobernuak azken urteetan egin duenarekin. Gobernuaren esfortzua ez da hemen ikusi". Lakuntza kexu azaldu zen gobernuak inongo plangintzarik edo industria planik egin ez zuela salatu zuen. ELAko Nafarroako koordinatzaileak gogora ekarri du duela 10 urte ibarreko enpresariek bertan nahikoa langilerik ez zegoela salatzen zutela eta, gaur egun, berriz, enpresak ixten direla. Hauteskundeen atarian, Lakuntzak alderdiei "konpromisoa eta ausardia" eskatu zien eta, zehatzago, Sakanarako industria plan bat sortzea. Erreforma berriaMitxel Lakuntzak Sakanako delegatuei Madrilen prestatzen ari diren lan arloko erreforma berriaren inguruan duten informazio apurra ere eman zien. Lakuntzak azaldu zigunez, Espainiako Gobernua, UGT, CCOO eta patronala negoziazio kolektiboaren inguruko erreformaz hitz egiten ari dira. Lakuntzak argitu zigunez, "kalte handirako izanen da, besteak beste aurreikusten baita Nafarroan negoziatzen diren zenbait sektoreko lan hitzarmena Madrilen negoziatzea, greba eskubidea mugatzea, negoziazio kolektiboa zailtzea, enpresetan malgutasuna sartzea eta konbenio baten epea bukatzen denean, bestea negoziatu bitartean aurrekoa indarrean ez egotea". Horiek guztiak "patronalaren mesedetan" direla uste du Lakuntzak. Eta ondorioa litzateke "Sakanan negoziatzen diren hitzarmen horiek murriztea eta zailtzea". Hilaren 19rako jakinen da zehazki aldeek adostu dutena.Pentsioen erreformaren aurka azaldu zen euskal gehiengo sindikala. Lan arloko lege erreforma horren aurka egiteko ere sindikatuen artean hizketan ari direla jakinarazi zigun Mitxel Lakuntzak.