Gizarte Segurantzak euskara ez dezala baztertu eskatu du UEMAk

Guaixe 2011ko martxoaren 9a

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak, UEMAk, Gizarte Segurantzari eskatu dio "hizkuntza alorrean dauden lege guztiak betez eta betearaziz, ez dezala baztertu euskaraz edo tokian tokiko berezko hizkuntzetan lan egiteko erabakia hartu duen erakunde publikoak, eta onar dezala gaztelania ez beste hizkuntzak erabiltzea Gizarte Segurantzarekiko idatzizko harremanetan". Horrekin batera, UEMAk Gizarte Segurantzari eskatu dio RED sistema "ahalik eta lasterren euskaraz, katalanez eta galizieraz erabiltzeko aukera eman dezan, aparteko lanik edo ezelango zigorrik jaso behar izan gabe". RED sistemaGizarte Segurantzaren Diruzaintzak eskaintzen duen zerbitzu bat da RED sistema. Enpresek, profesionalek eta erakunde publikoek sistema horrek erakundeen arteko informazioa eta dokumentuak telematikoki trukatzeko aukera ematen du. RED sistema erabiltzen da, esaterako, altak, bajak, gizarte aseguruen ordainketak eta bestelakoak tramitatzeko. Euskaraz lan egitea erabaki duten erakunde publiko eta enpresek zeregin horiek euskaraz egiteko aukera izan dute. Hala ere, ez da erraza izan zeregin horiek euskaraz egitea, Gizarte Segurantzak ez dituelako beharrezko inprimaki asko euskaraz eskaini. Horrek lan gehigarria ekarri die udal eta enpresei, agiriak euskaraz jartzen edo eskuratzen saiatu behar izan dutelako.Baina urte hasieratik tramitazio horiek egiteko papera ezin da erabili eta programa informatikoa gaztelania hutsean dago. Euskaraz lan egiteko alternatibak opatzen saiatu diren UEMAko udalek tramitazioak luzatu dien prozedura batekin topatu dira. UEMAk sustatuta, EAJren ekimenez ez-legezko proposamena onartu zen azaroan Madrileko legebiltzarrean Estatuko Administrazioa eleaniztasunera egokitzeko beharra azpimarratzeko. Baina, oraingoz, tramiteak luzatzea besterik ez da lortu.