Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean jokatu zen Beran Nafarroako Bertsolari Txapelketako lehenengo finalaurrekoa. Ikusmin handia zegoen finalerako lehen txartela nork eskuratuko zuen jakiteko. Bertsolariek presioa sumatu zuten eta kanporaketa gorabeheratsua izan zen. Saio erregularrena egin zuena sailkatu zen lehen postuan, Jon Berberena elizondotarra (398 puntu). Ez zioten erraz jarri Eneko Lazkozek eta Oskar Estangak. Etxarriarra puntu eta erdira geratu zen (396,5 puntu) eta Estanga sei puntu beherago (390,5 puntu). Haien atzetik sailkatu ziren, hurrenez hurren, Jon Elizetxe (377 puntu), Saioa Alkaiza (364 puntu) eta Oier Lakuntza (353 puntu). Final-erdiko lehen kanporaketak bertso on batzuk utzi zituen, baina, oro har, guztiz lehertu gabe bukatu zen. Umoretsu joan zen saioa zortziko txikiko lanean. Eneko Lazkozek eta Saioa Alkaizak ikusleen barre algarak piztu zituzten, depilatzaile eta bezeroaren azalean jarrita. Kartzelakoan urte luzeetan ospe handia izan ondoren, guztiek ahaztutako ospetsuaren tokian jarri behar izan zuten. Gaiak denetariko bertsoak utzi zituen. Jon Barberenak bota zituen bertsorik ederrenak Peio Ospital musikariaren tokian jarrita, eta horrek sailkapenaren burura eraman zuen. Ondorioz, zuzenean sailkatu da Iruñeko final handirako. Eneko Lazkoz irabazlearen opo-opotan ibili zen, baina akats bat edo beste egin zuen eta, ondorioz, bigarren postuan geratu zen. Beraz, etxarriarraren finalerako txartela hurrengo bi finalaurrekoen puntuazioen baitan dago. Oier Lakuntzak ez zuen behar bezala hasi final-erdia eta horrek sortutako urduritasunak eragina izan zuen saio osoan. 353 punturekin azken postuan sailkatu zen, eta finalerako sailkapen aukera erabat korapilatu zaio.Bertsolari txapelketak aurrera eginen du asteburuan. Larunbatean, Leitzan lehiatuko dira Estitxu Arozena, Xabier Terreros, Iñigo Olaetxea, Ander Fuentes Itturri, Josu Sanjurjo eta Miel Mari Elosegi Luze. Martxoaren 26an jokatuko da azken final-erdia Elizondon. Han argituko da apirilaren 9an Iruñeko Labrit pilotalekuan lehiatuko dira finalisten zerrenda. www.bertsosarrerak.euFinalerdietako (8 euro) eta finaleko sarrerak (18 euro) salgai daude.