Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Lizarra ikastolak arte erakusketa antolatu du 40. urtemuga ospatzeko. Ostiralean mustu zuten Ubidea erakusketa Lizarrako Gustavo de Maeztu museoan. Urte bakoitzeko artista bat gonbidatuta, 40 artelan ikusi daitezke aretoan. Parte-hartzaileen artean zenbait sakandar daude, Asun Goikoetxea bakaikuarra (Egoa margolana), Txuspo Poyo (Birth Control) eta Dora Salazar altsasuarra (Puente de la Salve).Artista guztiek ubide gaiari erantzun diote, nork bere ikuspegitik. "Batzuendako aldaketa adierazten du, beste batzuendako prozesua, beste batzuendako bidea da, artista batzuek bide bezala ikusten dute eta beste batzuek ibai, putzu edo itsaso moduan" azaldu zuen ikastolako zuzendari Josu Reparaz arbizuarrak. Aniztasuna da erakusketaren ezaugarri nagusia bai gaiaren trataeragatik, bai margolanen ezaugarriengatik. Denetariko lanak ageri dira, abstrakziotik hiperrealismora. Zenbaitek literatura testuak ere erabili dituzte. Artelanak liburu ederrean bildu dituzte, Euskal Herriko pertsona ezagunen testuz lagunduta. Besteak beste, ekarpena egin du Helena Tabernak. Erakusketa Arte erakusketa irekita dago apirilaren 31ra arte, Lizarrako Gustavo de Maeztu musean, asteartetik ostiralera 11:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara, eta jai egunetan 11:00etatik 13:30era.