Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Leire Salaberria ilustratzaileak irabazi du haurrendako albumak sortzeko Etxepare saria. Lehiaketa Nafarroako zenbait toki entitatek antolatzen dute Euskara Zerbitzuen bidez. Antolatzaileen artean dago Sakanako Mankomunitatea. Literatura saria asteartean banatu zuten Berriozarren. Bertan izan zen, besteak beste, Arbizuko zinegotzi Gorka Iriarte antolatzaileen ordezkari. Patxi Zubizarreta eta Iñaki Agirrezabal idazleek eta Mikel Valverde eta Jon Zabaleta ilustratzaileek osatu zuten epaimahaia. 19 lanen artean Salaberrirena aukeratu zuten. Andoaindarrak 6.000 euro jasoko ditu Euria ari duenean lanagatik, eta Pamiela argitaletxeak albuma argitaratuko du. "Neska batek euria ari duenean bizi dituen anekdota txikiak dira" azaldu zuen egileak sari-banaketa ekitaldian. Epaileek andoaindarraren kontaera poetikoa eta ilustrazioen kalitatea nabarmendu zuten. Etxepare literatura sariak 2004an sortu ziren eta 2006tik lehiaketak haurrendako albumak saritzen ditu, euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzeko helburuarekin. Antolatzaileek edizio berriaren deialdia egin zuten. Azaroaren 30era arte irekita dago lanak aurkezteko epea.www.etxeparesaria.netweb orrian daude Etxepare Sarien oinarriak.