Poemekin jolasean, poesiaz solasean

Guaixe 2011ko martxoaren 16a

Jon Etxabe Garitazelaia etxarriarrak Zumarraga eta Urretxuko Udalek antolatutako Iparragirre Saria irabazi du Poesia kategorian. Ez da lehen saria idazle beteranoarendako. Aurretik ere zenbait sari irabazia da, esaterako, Ermuako eta Lasarteko lehiaketetan. Oraingoan, Castillo Suarez altsasuarraren Souvenir liburua izan du inspirazio iturri. Hortik abiatuta, Castilloren souvenirrekin j(s)olasean poema sorta idatzi zuen eta Iparragirre Sarira aurkeztu zen. Jose Luis Padron, Patxi Ezkiaga eta Pello Otxoteko epaimahaikideek etxarriarraren poesia bilduma aukeratu zuen 10 lanen artean. Jon Etxabek 600 euroko saria irabazi du eta Bermingham argitaletxeak liburua argitaratu du. "Bizitza handi baten oroipen txiki hunkigarria. Izena bezain gordea, izana bezain agerikoa" aurreratzen du liburuaren hitzaurreak. Otsailaren 18an izan zen sari-banaketa ekitaldia, Zumarragako Zelai Arizti aretoan.Bekatik sariraCastillo Suarezen Souvenir liburua Joseba Jaka beka eskuratuta sortu zen 2008an. Altsasuko poetaren laugarren poema liburua zen eta aurrekoen aldean halako haustura bat ekarri zuen. Castillo Suarezen aurreko liburuak bezala, Souvenir liburua ere Jon Etxaberen esku artera iritsi zen. Liburuak zenbait hausnarketa piztu zizkion etxarriarrari eta hortik sortu zen Castilloren sounenirrekin j(s)olasean poesia lana. Bekaren laguntzarekin sortutako liburuak saria eman zion etxarriarrari.Bi idazleak BELEIXE irratiko (FM 107.3) Beriainpen saiora gonbidatu zituzten. Literaturaz eta poesiaz jolasean eta solasean aritu ziren.Literatura ariketa onuragarriaJon Etxaberendako literatura denbora pasa baino gehiago da. "Nire buruan adina nabaritzen dut. Irakurri eta idaztea sakonean nire buruarekin borrokatzea da. Sariak badatoz ongi etorri, baina ez da nire helburua. Helburua burua ahalik eta argien mantentzea da" dio. "Normalean bidaietan irakurtzen dut; idatzi, berriz, etxean. Poesia ohitura bilakatu da. Egun bat ez da pasatzen poema bat irakurri gabe" azpimarratzen du. "Goizean poesia bat irakurtzen dut, gauean normalean begirada bat ematen diot eta hurrengo egunean idazten dut". Hori da Etxarriko gizon nekaezinaren ohitura. GERTUTIKJon Etxabe eta Castillo Suarez, idazleakJon, nola ezagutu dituzu Castilloren liburuak?J: Lehenengoa Castillo hemengoa delako hartu nuen eta gustatu zitzaidan eta besteak ere irakurri ditut. Bala hutsak batez ere asko gustatu zitzaidan. Tiro bat bezala izan zen. Azkena erronka izan da, zaila iruditu zait. Castillo, Jon zure lanean oinarritu zen. Nola hartu zenuen ekimena?C: Harriduraz. Abisatu eta lana bidali zidan. Normala dela besteen lanak irakurri eta oharrak hartzea, baina ez nuen ezagutzen horrelako lan espliziturik. Harriduraz, baina pozik. Dena den, Souvenir lanean oinarritu bada ere, erabat independentea da. Souvenir abiapuntua da, baina gero bere bide propioa egin du. Horretan asmatu du.Jon, nola hartu duzu saria?J: Lehenago ere sariak jaso ditut eta, behin bi sari edo jasota, esperantza izaten da. Sorpresa argitaratzea izan da, hori bai. Nola idazten duzue?J: Liburuak irakurri eta bi gauza egiten ditut: amaieran oharrak idazten ditut eta gero, liburuan zerbait azpimarragarria iruditzen bazait, hari buruz hausnarketa egiten dut. Bata liburuan geratzen da eta beste ordenadorean gordetzen dut. Lehen notatxoak idazten nituen. Orain idatzitakoari poesia forma ematen diot. C: Beti daude oinarrituta beste batzuen idatzietan?J: Bai, bai. Horregatik esaten dut bizkarkari samarra naizela. Bakoitzak bere trikimailuak ditu. Zuk Castillo, nola egiten duzu?C: Nik normalean gainean ematen dut libreta txiki bat. Ohar asko ditudanean rotuladoreekin lotu eta ordenadorera pasatzen ditut. Denbora librean egiten dut. Lehiaketek badute gauza bat, lana bukatzera behartzen zaituztela. Ni ere hala hasi nintzen. Badute gai bat, orri kopuru bat eta epe bat. Bestela poemak bata bestean atzetik asko idatzi daitezke. Idazle hasi berriek horrela hasi behar dute?C: Bada modu bat plazara ateratzeko. Bestela, oso zaila da. Argitaletxeak peskizan izaten dira. Batzuetan txarrena izaten da ez direla behar bezala banatzen. Jon, lagunei liburua eman diezu. Jarriko dugu hitzordu literario bat?J. Ez dut espero halakorik.C: Esanen dizute zerbait. Hitzen bat erakargarri eginen zaie seguru , horretarako ez zara aditu izan behar. J: Poemak irakurtzea niri bertan batzuetan oso zaila egiten zait. Ohitura dugunei zail egiten bazaigu, pentsa ohitura ez dutenei. Espainiako Gerra Zibilean errepublikarren aldean poetak joaten ziren frentera eta atseden hartzean poesia emanaldiak izaten ziren. Soldaduek ulertzen zituzten poemak. Gaur, berriz, iruditzen zait ezetz. Zergatik?C: Egileen arabera aldeak daude. Euskal idazle ezagunena une honetan Kirmen Uribe da eta bere poemak oso errazak dira ulertzen. Nik azken poesia liburuan asmo estetiko bat nuen; argi nuen ez nuela aurrekoetan idatzitakoa egin nahi. Nik uste askotan ez direla poemak ulertu behar, ez zaiola guztiari zentzua bilatu behar.