Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iñigo Aritza ikastolako mendi taldeak haurrekin txangoak egiteko asmoz 5 irteera antolatuko ditu aurten. Igandean Andiako Zalbide ezagutuko dute.Iñigo Aritza ikastolako guraso batzuk Iñigo Aritza ikastolako mendi taldea berpiztu dute. Ideia parkean sortu omen zen, haurrak zaintzen zeudela, mendizaletasunarekiko zaletasuna duten gurasoen arteko hizketaldi baten ondoren. "Pentsatu genuen ideia polita izango zela haurrekin mendira joatea, haurrekin txangoak egitea" azaldu digu Iñigo Aritzako mendi taldeko kide Jaime Sanzolek. Ekimena Iñigo Aritza ikastolako gurasoen artean sortu bada ere, ateak zabalik daude hurbildu nahi duten ororendako. Andra Mari ikastolako mendi taldeak guraso eta seme-alaben arteko mendi irteerak antolatu izan ditu, eta berpiztu berri den Iñigo Aritzako mendi taldea, lehen ere mendi taldea egon baitzen, eurekin jarri da harremanetan. "Guk dagoeneko aurtengo egutegia zehaztu dugu, baina ekimenak aurrera jarraitzen badu elkarrekin osatu ahal ditugu egutegiak" gaineratu du Sanzolek. Hasiera batean Iñigo Aritza mendi taldeak txango txikiak antolatuko ditu, Sakanan bertan edo Sakanatik gertu. Izan ere, haur txikiekin hasiera batean hobe da gehiegi ez mugitzea, eta urrutiagoko irteerak gehiago konplikatzen dira. "Gainera Sakanan eta hemendik gertu oso toki politak dauzkagu txangoak egiteko. Eta askotan ezagutzen ez ditugunak, gainera. Lehendabiziko irteerak hemendik gertu izanen dira: Urbasa-Andian, Aralar aldean, eta gero beste eskalada egun bat Eginon" zehaztu du Jaime Sanzolek. Lehen txangoa, Andiako Zalbidera, igandeanLehendabiziko txangoa martxoaren 20an izanen da, hau da, igandean. Andian Zalbide ezagutzea izango da erronka. Goizeko ibilbide bat izango da, eta hala nahi duenak eguerdirako etxean egoteko aukera izango du. Pista batetik, Andiako saroi batetik barna paseotxo bat eginen da, Zalbiden, zuhaitz milurteko bateraino. Zuhaitz ederra ikusi eta buelta eginen dugu. Oso polita dela esaten dute" argitu du Sanzolek. Txango motzak izanen dira, konplikazio gabekoak, baina haurrekin mugitzea gehiago kostatzen dela hartu behar da kontuan. "Goizeko 9:00ak aldera gelditzen bagara, eman ordu erdi bat gehiago tokira ailegatzeko, autoz. Eta gero txangoa litzateke 2-3 ordukoa, asko jota. Lasai joateko paseoaz gozatzen" zehaztu du Sanzolek. Besta lau txangoakApirilaren 10erako Lizarrustitik Lareoko urtegira irteera prestatu dute, Gipuzkoa aldean sartuz. Kotxeak Lizarrustiko aparkalekuan utzi eta urtegiraino tipi-tapa joatea litzateke erronka. "Bide polita da, erraza, baina aldi berean ikusgarria, malda batetik zoazelako. Ordu batean edo ailegatuko ginateke Lareoraino, han gosaldu eta buelta" dio Sanzolek. Maiatzaren 1ean Etxarri Aranazko aspaldiko ohitura ikustea da asmoa, Etxarriko maiatza igoera ikustea, hain zuzen. "Nik uste dut maiatza igoera Etxarrin oso ezaguna dela, Sakanan ere entzuna dela, baina sakandar gehienek ezagutzen ez duten egun bat da, eta oso polita, gainera. Aukera dago menditik igotzeko eta goitik joateko, eta guk azken hau aukeratu dugu. Lizarragako tuneletik pista hartu eta Etxarriko maiatzeraino joango gara, bizikletan. Tuneleraino autotan igoko gara, eta karro bat eramango dugu bizikleta guztiak bertan igotzeko. Bizikletak hartu eta maiatzeraino joango gara, han gosaldu eta buelta. Merezi du egun hori ezagutzea, maiatz luzea nola igotzen den ikustea. Gainera, bistak zoragarriak dira" gaineratu du Sanzolek. Ekainaren 5ean Eginoraino autoetan joango dira. Eskalada ezagutzea da erronka, eta eskaladarako halako hastapen eguna antolatuko dute. Eginotik monolitotaraino oinez igoko dira, 20 minutuko paseo bat eginez. Goian eskaladako muntaiak prestatu eta haurrek eta hala nahi duten gurasoek eskalada probatzeko eta gozatzeko aukera izango dute. Udaberrirako antolatu diren txangoetan azkena denez, egun polita ateratzen bada bertan bazkaltzera geldituko dira. Eginon dauden merenderoetan sua prestatu eta bertan geldituko dira bazkaltzera. Eta, azkenik, urriaren 2an, ikasturte berriaren hasieran, Urederrara joateko asmoa dute. "Urederra ezagutzen ez dutenendako eta ezagutzen dutenendako ere merezi duen txangoa da" azpimarratu du Jaime Sanzolek. Animatzeko deiaNahiz eta egutegia zehaztua izan, azken batean eguraldiak aginduko du. Eguraldi prebisioak nahiko fidagarriak dira eta txangoa antolatu duten aste horretan bertan erabakiko dute txangoa mantendu edo dataz aldatu "eguraldi txarra egiten badu ez baitu merezi haurrekin mendira ateratzea". Horrela, aste horretan bertan haurrekin nota bidaliko du etxera Iñigo Aritza mendi taldeak, txangoa mantentzen den adierazteko eta hala bada hitzorduaren berri emateko. Igandekoa mantentzea erabaki dute, prebisio onak eman dituztelako. Iñigo Aritza mendi taldeak txangoetan parte hartzera animatu ditu guraso eta seme-alabak, egun polita pasatzeaz gain harremanak estutzeko aukera aparta baita. "Talde polita sortzen bada, akaso etorkizunean pentsatu daiteke urrutiragoko txangoak antolatzea" azaldu du Sanzolek.