Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Arbizuko kiroldegiak Sakanako herrien arteko herri kirol txapelketa ederra hartuko du bihar, martxoaren 19an, larunbatarekin, 16:30etik aurrera. Korrikaren aldeko ekitaldia izanen da. Herri gehienek bere taldea aurkeztuko dute lehiaketara, eta saltsa eta lehia giroa ez da faltako. Horretaz gain, gauean afaria izanen da kiroldegian bertan eta segidan Arbizun parranda egiteko aukera izanen da, Argi-bidea elkartean musika egongo baita. Sakanako Korrika arduradun Joseba Lakuntzak Beleixe irratian (FM 107.3) azaldu duenez, Arbizu eta Ziordiko Korrika batzordeetan sortu zen Sakanako herrien arteko herri kirol jaialdia antolatzeko ideia. "Gainontzeko herrietako batzordeetan planteatu genuen eta gehienei ideia ona iruditu zitzaien. Eta aurrera egitea erabaki genuen. Sakanako herri gehienek parte hartuko dute" azaldu du Lakuntzak. Hortaz, giroa ziurtatuta izanen da bihar Arbizun.Herri kirol txapelketan ondoko probak osatu beharko dituzte Sakanako herrietan sortu diren taldeek: txingak, koxkolak, zaku lasterketa, lasterketa eta trontza. Joseba Lakuntzak adierazi zuenez printzipioz ez da sokatira antolatu, "baina igual entretenimendu gisa soka bat jarri eta tiratzen hasiko gara". Ondoren afaria eta musikaHerri kirol txapelketan parte hartuko duten taldeez gain, sakandarrei bertara hurbiltzeko deia egin diete antolatzaileek, norberak bere herriko taldea animatu eta giroa sortzeko. Gainera, gauean herri afaria antolatu dute Arbizuko kiroldegian bertan, eta bertan izena emateko gonbitea luzatu diete sakandar guztiei. Hotza ez da bertara ez joateko aitzakia izango, kiroldegiko tenperatura berotzeko hiru kanoi handi jarriko baitituzte. "Afaria merke aterako da, 12 eurotan. Afarirako deialdia irekia da, ez da beharrezkoa herri kiroletan aritzea bertara joateko, eta hortaz sakandar guztiak animatu nahi ditugu. Ticketak salgai daude herri guztietan" gogorazi du Joseba Lakuntzak. Parranda giroak ez du etenik izango gau partean musika emanaldia egonen baita Arbizuko Argi-bidea elkartean. Hortaz, kirolaz gozatzeaz gain, parranda polita egin eta Korrika laguntzeko aukera paregabea da biharkoa.