Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Astelehenetik aurrera ikusiko da hitzarmenaren fruitua. Hala, batetik Topaguneko bazkide diren tokiko hedabideen webguneetako albisteen jarioa automatikoki Berriako webgunean txertatuko da; gainera, erabiltzaileak tokiko informazioa pertsonalizatzeko aukera izango du berria.info-n (alegia, informazio nazionalaz gain zein herri zehatzetako informazioa jaso nahi duen aukeratu ahal izango du). Bestetik, herri informazioa jorratzen duten atariek ere aukera izango dute berria.info-k lantzen duen informazioaren jarioa euren webguneetan txertatzeko.Euskarazko komunikazio proiektuek bizi duten egoera ez da batere samurra, finantza krisiak eta prentsaren eredu krisiak bat egin dutelako. Hori horrela izanik, Topaguneak eta Berria Taldeak inoiz baino beharrezkoago ikusten dute elkarlana eta elkarrekintza. Bi komunikazio taldeen aldetik sortzen den informazioa irakurleei modu eraginkorragoan eskaintzeko bidea ikusi da ekimen honen bidez. Tokiko informazioa lehen ere tokikom.com helbidean bateratzen du Topaguneak, eta honoko pauso honekin zabalkunde handiagoa eman nahi zaio herrietako informazio horri. Edukiak ere paperean partekatuko dira.