Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Orain dela 4 urte sortu zuten taldea ibilbide oparoa duten musikari sakandarrek: Rikardo Aretak, Ismael Katak, Longi Anduezak eta Ibai Hernaizek. Helburu berarekin elkartu ziren aspaldiko lagunak: gustuko zuten musika jo eta ongi pasatzeko helburuarekin. 70 eta 80ko hamarkadetako rock eta heavy klasikoak gustuko dituzte eta horregatik hasieratik bertsioak jotzen dituzte. La Banda del Jefe Bigun taldeko Ibaik Beleixe Irratian (FM 107,3) esan bezala, taldea era oso naturalean sortu zen eta hasieratik argi zuten bertsioak jo nahi zituztela eta ez kantak konposatu.Hiru urteko ibilbidearen ondoren, 2009an, grabazio bat egiteko premia sumatu zuten "beste ezer baino gehiago guretako oroigarri bat izanen da grabazioa" zioen Ibaik garai hartan. 2009 urte akaberan grabatutakoak argia ikusi du jada eta diskoaren aurkezpena egiteko Etxarriko Iturri Eder taberna aukeratu dute. Iruñeako On Off aretoan grabazio festa ospatu zuten hartan 34 kanta jo zituzten eta horietatik 21 aukeratu dituzte diskorako. Beleixe Irratiko (FM 107,3) Beriainpien saioan esandakoagatik, kontzertuak kantu lasaiekin hasten dituzte eta gogorrekin bukatzen omen dute. Diskoan ere, norabide bera aukeratu dute eta Tequila, Miguel Rios, Rolling Stones eta halakoekin hasi eta Deep Purple, Barricada eta Ac/Dc-rekin bukatzen dute.Ibai HernaizBeleixe irratian esanakUrte luzearen ondoren, dagoeneko diskoa kalean?Bai. Denbora dexente kosta zaigu. Kanta asko ziren eta lan asko egin behar izan dugu. Kantak banaka konpondu,.. Dena den, urte eta erdi ondoren lortu dugu!!!Zuzeneko kontzertua grabatu duzue. Zergatik dira hain garrantzitsuak La Banda del jefe Bigun taldearendako zuzenekoak?Lokalean grabatzeko aukera daukagu, baina hori ez zen gure nahia. 70. hamarkadan talde gehienek zuzenekoak grabatzen zituzten eta ideia horri segika aukera hau ikusi genuen. Iruñeako On Off aretoan aukera zegoela ikusita, putzura bota ginen!Benetako festa bat antolatu zenuten grabaziorako ez?Pasada bat! Sakanako jende pila bat joan zen, Iruñeako eta Zangotzako lagunak. Festa honek bi helburu zituen. Alde batetik grabazioa egitea, baina bestetik gure jarraitzaileendako esker oneko festa bat izatea nahi genuen. Sakanatik autobusa antolatu genuen, opariak banatu genituen, zozketa... primerako giroa izan zen.Ze alde onak eta ze txarrak dauka zuzeneko bat grabatzeak?Onak, batez era freskotasuna. Giroak eraman egiten zaitu eta asko disfrutatzen duzu jotzen. Txarrak, akatsak izaten direla eta hori grabatuta gelditzen dela. Azkeneko urtean oreka hori bilatzen saiatu gara.Diskoak 21 kanta ditu, baina zuzenekoan zenbat izan ziren?34 kanta jo genituen eta hasiera batean denak disko bikoitzean kaleratu nahi genituen, baina kriston lana da eta azkenean aukeraketa bat egin behar izan dugu. Nola definituko zenuke zuen taldea?Lagun taldea da gurea. Guk ongi pasatu nahi genuen betidanik entzun ditugun kantekin eta arrakasta hor dago. Jendeak kantak ezagutzen dituelako, ongi jotzen ditugulako eta berbenaren filosofia rock eta heavy-ra eramaten dugulako. 2 orduko kontzertuak eskaintzen ditugu eta giroak asko laguntzen du.Diskoko argazkiei erreparatuta, "kapela buruan eta ibili munduan"!Kar, kar... holakoak gara!! Bakeroen kapelak dira bai. Kontzertuetan apaintzeko zerbait jartzen dugu beti bai!!! Ez zaizue sekula bururatu bertsioak utzi eta zuen kantak konposatzea?Talde honekin ez. Oso argi daukagu. Talde honen filosofia ez da hori. Rock and rolla asmatuta dago. Ongi asmatuta dago eta listo!!Zuzenekoen zaleak zaretenez, ez zaizue bururatu bideoa grabatzea?Buf!!! Ba.... ez diogu inori esan, baina buruan zerbait badaukagu. Kar, kar..Orain arte, non eman dituzue kontzertuak?Bakaikun, Etxarrin, Lakuntzan, Tolosan,.. Egia esan, azkeneko urtean beste saltsa batean izan gara. 2010. urtea "Stand by" modukoa izan da. Texasen izan ginen oporretan eta han musikaren inguruan esperientzia berezi bat izan genuen. Bueltan Country talde bat sortu genuen; Silver Dolar Band. Talde honekin kontzertu bakarra eman dugu, baina pozik. Apirilaren 16an Irurtzungo Amaia tabernan joko dugu berriz.La Banda del jefe Bigunen diskoaren aurkezpen egiteko Etxarriko Iturri Eder aukeratu duzue.Enekorekin harreman handia daukagu, oso ongi zaintzen gaitu eta gainera oso leku aproposa da. Iturrin egiten dituzten kontzertu bakarrak gureak dira. Giro polita izango da ziur! Non jarriko dituzue diskoak salgai?Sakanako ohiko lekuetan. Etxarrin, Lakuntzan,... 5 euroren truke; merke-merke. Gure helburua ez da aberastea.Azken gonbitea?Larunbatean iluntzeko 23:00etan gonbidatuta zaudete.Ongi pastu, barre batzuk egin eta musika ona entzuteko aukera daukazue. Eta ondoren parranda, nola ez!!