Sakana txapelduna

Guaixe 2011ko martxoaren 21a

2011ko emakumezkoen 500 kiloko azken sailkapena1.Sakana (Arbizu, Nafarroa Garaia): 15,5 puntu2.Badaiotz (Gasteiz, Araba): 14,5 puntu3.Ibarra (Ibarra, Gipuzkoa): 6 puntuHamar urteren ostean Sakanak Euskal Herriko Goma Gaineko 8x8 Txapelketako txapela jantzi zuen larunbatean Arrigorriagan, 500 kilotan. Txapelketako hirugarren eta azken jardunaldian Sakanak berdindu egin zuen Gasteizko Badaiotzekin, baina aurretik zuen puntu bateko aldeak garaipena eman zien sakandarrei. Horrela, eta sorpresa emanez, txapela buruan bueltatu ziren sakandarrak Bizkaitik. ZailtasunakDenboraldi hau ez zen ongi hasi Sakanako neskendako. Sokatira taldeak hainbat baja izan ditu - egun zazpi dira taldean - eta egitasmora neska gehiago gerturatzeko deialdia egin zuten Sakanako neskek gure komunikabideetan. Zortzi tiratzailez osatutako taldeen txapelketetan aritzeko taldea osatzeko zailtasuna zuten. Amaiur taldekoak egoera berean zeuden, eta, hortaz, indarrak metatzea erabaki zuten bi taldeek. Horrela, Nafarroako zortziko txapelketan Amaiur izenarekin aritu ziren lehian Sakana taldeko hainbat tiratzaile. Eta Euskal Herriko Zortziko (8x8) Txapelketan aritzeko Sakana taldeak laguntza eskaini zion Amaiur taldeari, taldea osatuz. Lehendabizi Euskal Herriko Emakumezkoen 540 kiloko txapelketan aritu zen Sakana. Bi taldeetako tiratzaileen lana batzea zaila egin zen hasieran. Kontuan hartu behar da talde bakoitzak lan egiteko eta tiratzeko modu propioa duela, eta bi taldeek bat egitea ez zen erraza suertatu. Gainera, ez ziren 540 kiloko pisura heltzen, 30 kilo azpitik ematen zuten pisua. "Hori diferentzia asko da" adierazi du txapelketa honetan Sakana taldea prestatzen aritu den Nerea Lizarraga tiratzailea. Horregatik, txapelketari tamaina hartzea kosta egin zitzaien. Ez zen sorpresarik izan eta iaz ere dena irabaztetik zetorren Gasteizko Badaiotz izan zen txapelduna, Sakanaren aurretik. Azkeneko saioetan, baina, askoz ere maila hobea eman zuen Sakanak. Nolanahi ere, gainontzeko taldeak baino koska bat gorago zegoela erakutsi zuen Badaiotzek. HobetuzSegidan Emakumezkoen 500 kiloko txapelketa hasi zen eta denok Badaiotzen sekulako erakustaldia espero zen. Baina Elizondon jokatutako lehendabiziko jardunaldian Sakanak sekulako sorpresa eman zuen, saioa irabaziz. Sakana eta Amaiurko tiratzaileek talde sendoa osatu dutela jarri zen agerian. Gernikako bigarren jardunaldian Badaiotzen erantzuna espero zen baina berdinketa eman zen bi taldeen artean. Eta larunbatean Arrigorriagan jokatutako hirugarren eta azken jardunaldian ere bi taldeen arteko berdinketa izan zen. Ibarrak saio guztiak galdu zituen. Horrela, lehen jardunaldiko garaipenari esker Sakanak Euskal Herriko 500 kiloko txapela jantzi zuen. Nafarrek 2001ean jantzi zuten azkenekoz txapela Euskal Herrikoan. Orduan 480 kilokoa irabazi zuten. 10 urte pasa eta gero berriro txapela janztea lortu dute. Zorionak!TiratzaileakOndoko zortzikoa aritu zen Sakana taldean: Aitziber Biurrun, Naiara Mundiñano, Esther Iriarte, Oihane Etxeberria, Arantxa Serrano, Miren Bengoetxea, Jaione Ganboa eta Garazi Retegi. Sakana taldeko Nerea eta Belen Lizarraga izan zituzten prestatzaile, eta Maitane Ezkurdia ordezkoa izan zen. PozikJakina, taldekide guztiak egindako lanarekin pozez zoratzen daude. Txapela janzteko esperantza bazuten, lehendabiziko jardunaldia irabaztearen abantaila alde zutelako eta entrenamendu onak egin zituztelako. "540 pisuko eta 500 pisuko txapelketen artean aldaketa handia izan dugu. 540koa prestatzeko denbora gutxi izan genuen, pisura ere ez ginen heltzen, Amaiurko bi tiratzaile etorri ziren gurekin aritzera eta taldea osatzea falta zitzaigun... gauza asko ziren, baina denborarekin ongi entrenatzen hasita gauzak ateratzen joan gara eta 500 kiloko txapelketara hobe iritsi gara" adierazi digu Belen ahizparekin prestatzaile lanak egin dituen Nerea Lizarraga tiratzaile arbizuarrak. Lizarragak gaineratu du pisu txikirako talde sendoagoa zuela Sakanak Badaiotzek baino, Gasteizkoak pisu handirako talde egokiagoa zuela. "Beraiek kasik talde berberarekin aritu dira bi pisutan, baina badakigu ere jende berria dutela. Dena den, guk lan ona egin dugu 500 kiloko txapelketan eta irabazi izanagatik pozik gaude". Larunbatean bertan ospatu zuten garaipena. Arrigorriagatik itzuli eta Arbizuko Baxerri jatetxean bapo afaldu zuten Sakanako tiratzaileek. Aurki hasiko da Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa, eta bertarako taldea prestatzen saiatuko da Sakana.