Koldo Flores bikain XXI. Nazioarteko Paz Ziganda Xake Txapelketan

Guaixe 2011ko martxoaren 21a

Asteburuan jokatu da Paz de Ziganda ikastolak antolatutako XXI. Nazioarteko Paz Ziganda Xake Txapelketa, Jose Luis Gorostidi Oroigarria. Urtetik urtera ospetsuagoa da txapelketa hau, eta aurten, esaterako 25 nazioarteko maisu lehiatu ziren. Jokoaren sistemari dagokionez, suitzarra izan zen, 9 itzulitara. Partida bakoitzean jokalari bakoitzak 25 minutuko tartea zuen. Bada, irabazlea Jose Carlos Ibarra Murtziako nazioarteko maisua izan zen (7 1/2), merezimendu osoz, Daniel Barria txiletarraren eta Eduardo Iturrizaga venezuelarraren aurretik. Lehendabiziko nafarra duela urte asko Iruñean bizi den Jesus de la Villa burgostarra izan zen (6 1/2), sailkapen orokorrean zazpigarren postuan sailkatu zena. Eta azpimarratzekoa da Zaldi Beltza talde sakandarreko Koldo Floresek egindako lana. Lizarragabengoako xakelaria 18.a izan zen sailkapen orokorrean (5 1/2 puntu), bigarren nafar onena izanik. Aipatzekoa da berak baino ELO sailkapen hobea duten xakelariak gainditu zituela. Egindako lanarekin kontentu dago Lizarragabengoakoa, eta aipatu du "egun ona" izan zuela. Maila ona ematen ari da sakandarra. Abenduan Altsasun jokatutako Sakanako XI. Xake Txapelketan txapeldunordea izan zen, eta asteburuan Paz de Ziganda Nazioarteko Txapelketa entzutetsuan lortutako postua, 18.a, meritu handikoa da. Zaldi Beltza taldeazAldiz, Sakanako Zaldi Beltza Xake Taldearen egoera ez da horren ona. Ia 10 urte lehen mailan aritzetik bigarren mailara jaitsi da taldea. "Geroz eta jende gutxiago gara, jaitsiera izan dugu, eta horren ondorioz txapelketetara joateko 6 beharrean 5 kide joaten ginen, eta, jakina, horrek puntuazioa galtzea eta, finean, mailaz jaistea ekarri digu. Hausnarketa egin behar dugu, ea jarraituko dugun, berrindartuko garen hala zer eginen dugun" zehaztu du Koldo Floresek.  Zaldi Beltza taldeko hiru kidek dozena bat urte daramate Andra Mari ikastolan astelehenero astelehenero xake klaseak ematen, 19:00etatik aurrera. "Aurten 40 lagun inguru datoz, haur asko. Baina hiruzpalau urte egoten dira eta gero askok xakea uzten dute. Ea jarraitzera animatzen ditugun..." adierazi du Koldo Floresek. Beste sakandarrakBestalde, Zaldi Beltzako Cesar Razkin etxarriarra 42. postuan sailkatu zen (4 puntu), eta talde bereko Alberto Urkia arbizuarra 47. postuan (3 1/2 puntu). Talde sakandarraren maila ona dela erakusten dute postu hauek. Bestalde, Paz Ziganda taldean dabiltzan Aimar Ieregi eta Jose Antonio Ieregi 49. eta 50. postuetan sailkatu ziren, hiruna punturekin.