Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bigarren urtez segituan San Jose egunez festa antolatu zuten Lizarrustin. Larunbatean, eguraldia lagun, Marron mendizaleak gidatutako mendi ibilbideaz gozatzeko aukera izan zuten hainbat pertsonek. Haurrendako jolasek ere festari hasiera eman zioten. Batzuk mendian eta jolasean ari ziren bitartean, besteak paella erraldoia prestatzeari ekin zioten. Bazkal garaian mahaira eseri zirenak, sei euroren truke paella ederra, mamia eta edariez gozatzeko aukera izan zuten. Bazkal buruan Eneko Lazkoz eta Aitor Sarriegi bertsolariak aritu ziren kantuan. Lizarrustiko Parketxeko arduradun Jon Etxeberriak Beleixe Irratian (FM 107,3) azaldu zuenez, kantuan muga gai hartuta aritu ziren. Bitxikeriak ere aipatu zituzten. Bildutako bertsozaleek bi bertsolarien hizkera ezberdinekin ere gozatzeko aukera izan zuten. Saioaren ondoren trikitilariak izan ziren hitza hartu zutenak.Etxeberriak Sakanako irrati euskaldunean azaldu zuenez, aurten jende gutxiago hurbildu zen, baina hala ere, ospakizuna antolatzen jarraituko dutela aurreratu zuen.