LAB sindikatuak Iruñera joateko gonbitea luzatu du

Guaixe 2011ko martxoaren 24a

Aurreko ostiralean Sakanako LAB sindikatuko zenbait ordezkariak batzar nagusia izan zuten Irurtzungo Kultur etxean. Batzarraren ondoren egindako agerraldian aho batez azpimarratu nahi izan zuten "Sakanako industria ehunaren eraispenaren aurrean daudela eta egongo direla".Lehenik eta behin, Sakanak pairatzen duen egoera zenbakietan azaldu nahi izan zuten. Egun, Sakanan 1574 langabe daude eta krisia hasi zenetik %122,5 igo da langabezia Sakanan, Nafarroan % 86 igo den bitartean. Altsasun esaterako, langabezia %22koa da eta 2008an %8a. Hortaz gain, 3.000 langileei eragin izan dien 100 EEE onartu direla azpimarratu zuten.Sakanan itxi dituzten enpresak ere izan zituzten gogoan: Dinescon, Recindsa, Isphording eta Gamesa bezalako enpresa garrantzitsuek itxi egin dute. "Itxiera guzti hauek eta aurkeztutako EEEn %95a Nafar Gobernuak onartu dituela" argitu nahi izan zuten agerraldian.Egoeraren errepasoarekin amaitzeko, egungo bi enpresa auzi ere aipatu zituzten. Alde batetik "Arfe enpresa hartzekodunen konkurtsoan dago eta 157 lanpostu galtzeko arriskuan". Eta bestetik, "Inasa bezalako multinazional batek 2010ean %45 gehiago ekoiztu eta gero 26 langile kaleratu nahi ditu".Datu hauek eskuan "Sakanako industri ehunaren eraispenaren aurrean" daudela argitu zuten sindikatu abertzalekoek eta haien ustetan, "eraispen hau, aurre erabakitakoa izan da, UPNren gobernuak erabakia alegia". Horregatik, " Sakandarrok batera erantzutearen premia" gailendu zuten. "UPNren ereduak balio ez duela, geure ehun industriala eraisten ari direla, inongo alternatibarik eman gabe eta ondorioz, Sakandarrok gure eskualdetik irtetera behartuz". Deialdia Abian plataformak Apirilaren 9rako Iruñean deitu duen manifestazioa ate joka dagoenez, bertan parte hartzeko gonbitea luzatzeko baliatu zuen agerraldia sindikatu abertzaleak. Haien esanez "zonalde bezala aldarrikatzeko eta gehiengoaren beharretara egokituko den eredu sozio-ekonomikoa aldarrikatzeko garaia iritsi delako".