Altsasuk NKJen bigarren jardunaldia hartuko du igandean

Guaixe 2011ko martxoaren 24a

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jolasetako lehen jardunaldia jokatu zen Arbizun. Kimuen proba konbinatuan sei talde ari dira, tartean Andra Mari ikastola. Bada, Igantziko Unanu izan zen azkarrena (7:05.89) eta Andra Mari hirugarrena (7:16.39). Haur mailako proba konbinatuan lehiatzen ari diren sei taldeetatik lau sakandarrak dira. Horietako bat izan zen azkarrena, Andra Mari hain zuzen (9:21.00). Iñigo Aritza hirugarrena sailkatu zen (10:22.25) eta Beriain laugarrena (10:38.78). Putterri taldea aritu ez zenez, azken postuko denborari 2 minutu gehitu zitzaizkion (14:13.78). Eta kadete mailako proba konbinatuan ari diren lau taldetatik talde sakandar bakarra dugu, Andra Mari. Kasu honetan Berriozar nagusitu zen (9:56.09) eta Andra Mari hirugarrena izan zen (11:04.97). Sokatirari dagokionez, haur mailako (480 kilo) A multzoan Berriozarrek eta Andra Marik 2,5 puntutara berdindu zuten, eta Beriainek puntu bat lortu zuen. B multzoan Basaburuak 3 puntu lortu zituen eta Iñigo Aritzak 2. Eta kadete mailan (540 kilo), Basaburuak eta Berriozarrek 3,5 puntura berdindu zuten eta Andra Marik 2 puntu bildu zituen. Nafarroako Herri Kirol Jolasen bigarren jardunaldia igandean jokatuko da Altsasun, goizeko 11:00etatik aurrera, Iortia plazan. Euria eginez gero Burunda frontoian ariko dira. KORRIKAko herri kirol txapelketa bertan beheraLarunbatean Arbizuko kiroldegian Sakanako herrien arteko herri kirol txapelketa jokatzekoa zen, KORRIKAk antolatuta. Sakanako herri askok izena emana omen zuten, baina azken unean atzera egin zuten talde askok eta horregatik ekitaldia bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek.