Konponbideak bilatzeko, Abian-ek krisialdi mahaia sortzea eskatu du

Guaixe 2011ko martxoaren 25a

Nafarroako Gobernuaren Sakanarekiko utzikeria salatu du eta ekonomia eta zerbitzuak etengabe okertzea ereAtzokoan Iruñean eman zuen Abian plataformak hiriburuan antolatu duen manifestazioaren berri. Abian plataformako kideek apirilaren 9ko Iruñeko mobilizazioaren arrazoiak azaldu zituzten. "batetik, Nafarroako Gobernuaren partetik jasotzen dugun utzikeria salatzea". Plataformako kideek esan zuten utzikeria horrek Sakanaz gain Iruñetik hurbil ez dauden Nafarroako beste eremuetara ere zabaltzen dela. Abian-etik ziurtatu zutenez, "ez dugu onartzen gure ekonomia eta zerbitzuak etengabe okertzen joaterik. Gure eskualdean bizitzen jarraitu nahi dugu". Abian-eko kideek gaineratu zuten sakandarrek ez dugula utziko ibarra lur zati huts batean bihurtzen, "herriari galdetu ere egin gabe eta inolako onurarik ekarriko ez diguten azpiegituretara zuzenduta". KonponbideaAbian plataformak argi du ezin dela Nafarroako Gobernuaren erantzunaren zain egon. "Azken bi urteotan argi erakutsi du ez duela inolako alternatibarik eskaintzen Sakanan bizi dugun egoera larriaren aurrean". Plataformaren helburua da larrialdi-mahai bat sortzea da. Haren inguruan krisiak kolpatu dituen sektore guztietako ordezkariak bertan bilduko liratekeela azaldu dute Abian-etik. Azken finean, "norberaren analisiak partekatzea eta guztion artean konponbideak bilatzen saiatzea ahalbidetuko luke, Sakana bizi eta lan  leloa bideragarri egiteko". ManifestazioaAbian plataformak apirilaren 9an Iruñera joateko deia luzatu die sakandarrei. Haren aldeko babesak biltzen ari dira plataformako kideak eta orain arte jasotako babesarekin "oso pozik" daudela esan zuten. Abian-eko kideek jakinarazi zutenez, eskualdeko udal kargu ia guztien babesa jaso dute, UPNko eta PSNko kideena salbu. ELA, LAB, EHNE eta HIRU sindikatuek ere deialdiarekin bat egin dutela jakinarazi dute. UGT eta CCOO sindikatuek, berriz, inongo arrazoirik eman gabe uko egin diotela jakinarazi zuten Abian-etik. Plataformako kideak jasotako ezezkoak nabarmendu zituzten atzokoan: "Guztiz lotsagarria iruditzen zaigu gizartearen gehiengoarentzat egokia eta zuzena den proposamen bat besterik gabe baztertzea". Sinatu ez duten eragileek, hauteskunde giroaz baliatuta, eskualdeko biztanleak nahastu nahi izanen dituzten susmoa du plataformak. "Euren ezezkoak agerian utzi ditu gizartearen aurrean, eta egungo egoeran dagoeneko ez dago lekurik interes elektoraletarako". Izan ere, Abian plataformako kideek azaldu dutenez, atxikimendua jasotzeko prestatutako idatziak "larrialdi-mahai baten sorrera defendatzen du, bertan eskualderako bideragarritasun plana egin ahal izateko. Kaltetutako sektore guztiek larrialdi-mahaian parte-hartzea bilatzen dugu, ideiak eta gaitasuna batuz, eta instituzioen adierazpen panpoxoen zain egon gabe, herritarrak engainatzeko asmoa baino ez dutelako horiek".