SAKONETA

Guaixe 2011ko apirilaren 1a

Zer egingo zenuke, irakurlea, AHT obretarako zure baserria kendu nahi izango balizute? Eta, zuk egingo zenukeenaren arabera, nola erreakzionatuko lukete inguruko jendeak, kolektiboek, instituzioek... ?Horixe da, bada, Xabier Mendiguren Elizegik (Beasain, 1964) azkeneko eleberrian aurkezten digun gaia: «Ez nuen AHTari buruzko saiakera edo testigantza liburu bat egin nahi; fikzio lan bat egin dut».Lurrak eta baserria desjabeturiko gizonak ertzainei aurre egiterakoan sortzen dituen hotsak eta albisteak eragingo dutena istorio honen ardatza da.Egun bakar batean garatzen da kontakizuna, non Sakoneta baserri inguruan, Sasiondo herrian, pertsonaia desberdineak elkarrekin topo egiten duten : baserritarra, kazetaria, argazkilaria, ekologistak, ertzainak... Gai sozial horri atxikituz, pertsonaien kezkak eta sentipenak ere agertzen direlarik.Ez da lineala nobela labur honen egitura eta berezitasun horrek irakurlea eramango du saltoka eramango du egun horretan gertatzen diren ekintzetan zehar.  Berrogeita zortzi kapitulu motz, guztiak eguna eta ordua aipatuz izendatzen  dira, irakurlea modu horretan gidatzen dutelarik. Paperean argitaratu aurretik, egunero, Gabonetan hasita, atal bat irakurtzeko aukera izan zen, www.sustatu.com webgunean,. «Zati laburrak dira, eta egunero bat irakurtzea esperimentu bat izan zitekeen. Egun ez da halakorik egiten, baina XIX. mendean nobela guztiak lehenago atalka publikatzen ziren prentsan». Idazlearentzat «jolas bat» izan da testuari «beste bizitza bat, beste euskarri bat eta beste publiko bat ematea».Gaia serioa izan arren, liburu irakurterraza da, atsegin eta irribarrez irakurtzen den istorioan bildurik: «tonu umoretsu eta maltzur samarra, parodiarena eta karikaturena» erabili duela nabarmendu du Mendigurenek, «errealismotik esperpentora» doala, eta «tentsioa eta intriga liburu osoan zehar mantentzea» lortu duela.Iazko uztailean Aitzuloetako Aurkariak taldeak Itsasondoko meatzetan egin zuen ekintza izan zuen buruan idazleak nobela idazteko: «Aurretik ere banuen zerbait buruan, baina Sakoneta idazteko aitzakia horrek eman zidan. Berez, Sasiondo ez da benetako izen bat, baina hori sortzeko Itsasondo izan nuen buruan».Izaskun Etxeberria Zufiaurre