Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udaberriko lehen asteburuak dantza jaialdi ederra ekarri zuen Irurtzunera eta Lakuntzara. Sakanako Orritz eta Elai Alai dantza taldeek Beasaingo Aurtzaka dantza taldea eta Asturiako La sidrina folklore taldea gonbidatu zituzten. Irurtzunen izan zuten lehen hitzordua, larunbatean. Eguraldia lagun, talde guztiek kalejira alaia egin zuten herrian barna. Baina euri tantek bultzatuta, bai dantzariak bai ikusleak, behar baino lehen iritsi ziren pilotalekura. "Frontoia goraino bete zen eta jaialdia oso ongi joan zen. Eskertzen da jendearen erantzuna" azaldu zuen Urko Mauduitek Beleixe irratian. Igandean Lakuntzak hartu zuen lekukoa. Eguraldi kaxkarraren ondorioz, ikuskizuna frontoian egin behar izan zuten. Hala ere, Asturiak eta Sakanako gaiteroek gidatuta, lakuntzar ugari bildu zen pilotalekuan. Dantzarako ez ezik, festarako eta hartu-emanerako aukera ere izan zuten dantzariek. Larunbatean 140 bat lagun bildu ziren afarian eta batek baino gehiagok ederki luzatu zuen gaua. Igandean, bazkalostean agurtu ziren dantza taldeak, beste behin elkartzeko esperantzarekin.