Enpresariek plan estrategikoa adostea eskatu dute

Guaixe 2011ko martxoaren 29a

Alvaro Miranda lehendakariordeari Sakanako ekonomiaren azken urteetako bilakaeraren berri xeheaSakanako Enpresarien Elkarteko (SEE) presidente Francisco Lopez de Alda Arresek gauden egoera ekonomikotik ateratzeko elkartearen proposamenak azaldu zituen astelehenean. Ibarreko enpresariak Ekonomia eta Ogasun kontseilari Alvaro Mirandarekin egindako topaketa batean aletu zituen guztiak. SEEk hiru ardatzetan oinarritzen du Sakanaren berpizte ekonomikoa. Aurrena industria ehunaren mantentzea da. Horretarako honako neurriak proposatu zituen Lopez de Aldak: enpresa txiki eta ertainei babes bereizia eskaintzea; enpresariei babesa ematea enpresari bizitza eskain diezaion eta eskualdean inbertitzen jarrai dezan; langileen etengabeko prestakuntzari bultzada ematea; enpresei laguntza ematea ikerketa-garapen-berrikuntza arloan eta, azkenik, atzerriko merkataritzan aritzeko enpresei laguntza ematea. BigarrenaLopez de Aldaren iritziz Sakanako ekonomia pizteko beste ardatzetako bat enpresa egitasmo berriak dira. Horren barruan Gipuzkoako enpresak erakartzea  proposatzen da. Nafarroako Gobernuaren bidez atzerriko inbertsioak erakartzea ere aurreikusten du SEEk. Baina horrekin batera, bertako ekintzaileei babesa ematea eta Sakanaren irudia hobetzea proposatu du SEEk. Horrekin guztiarekin batera, enpresa egitasmo berriak sortzeko, ibarrean etorkizuna izan dezaketen sektoreak aukeratu eta dinamizatzea proposatu du enpresarien elkarteak. HirugarrenaSakanako ekonomia pizteko enpresarien buruak aipatu zuen azken ardatza ingurunearen hobekuntza da. Horretarako egungo azpiegiturak berritzea proposatzen du SEEk. Horrekin batera, Lanbide Heziketako instituturako etorkizunerako egitasmoa aldarrikatu dute. Atal horren barruan jaso da Sakanarako plan estrategiko baten beharra. Horretarako udal, enpresarien eta sindikatuen arteko gizarte elkarrizketa aldarrikatu zuen  enpresarien ordezkariak. Gizartean enpresariak duen irudia hobetu beharra nabarmendu zuen Lopez de Aldak. Eta horrekin batera Sakanako ekonomia mantentzeko sakandarrak lehiakortasunaren inguruan sentsibilizatzea ezinbesteko jo zuen. Krisiaz zenbait datu2002an lehen enpresen itxierak eta leku aldatzeak izan ziren. SEEk gobernu, alderdi, sindikatu, udal eta zerbitzu arloko eragileekin 150 bilera baino gehiago egin zituen. Sakanaren garapen sozio-ekonomikorako plana definitzea eskatu zuen. 2005ean SEEk ibarreko enpresa nagusietan ikerketa egin zuen. Hirutik batek etorkizunean lehiakortasun arazoak eta enplegu galerak aurreikusi dituzte. 2002-2011 tartean industria ehunaren %25 galdu du Sakanak. 2011n ibarreko langabezia %18 ingurukoa da. Hiru urteetan biztanleria aktiboaren %20 gutxiago dago Sakanako enpresetan lanean.SEEk 150 enpresetan baino gehiagotan egindako azken inkestan jaso denez, inkestatuen %89ren iritziz toki erakundeek "gutxi edo oso gutxi" laguntzen dute eskualdeko enpresa arloa.