Banakako Urrezko Aizkolariak Txapelketa abian

Guaixe 2011ko apirilaren 1a

Egur Sport enpresak antolatuta, martxan da Banakako Urrezko Aizkolariak-Eusko Label Txapelketa. Lau mailatan jokatuko da: urrezko maila, etorkizuneko maila - 23 urtez azpian - , gazte maila eta gaztetxoen maila - 15 urtez azpikoa - . Txapelketan aritzeko aizkolari askok eman dutenez izena, kanporaketa sistema jokatuko da hasiera batean. Horrela, bihar, larunbatean, Zegaman, urrezko mailako kanporaketa jokatuko da, eta 11 aizkolari ariko dira lehian: Esnaola, Elorriaga, Urteaga, Oregi, Lekue, Garita, Irazabal, Eraso, Kintana eta Beltza eta Erdozia etxarriarrak ariko dira. 19:30ean hasiko da lehia Toki Alain, eta ETB1ek eskainiko du zuzenean. Kana erdiko enborra erdibitu beharko dute denek, eta bi aizkolari onenak sailkatuko dira hurrengo faserako.Eta igandean, Urrestillan, urrezko mailako beste kanporaketa jokatuko da, 12:30ean. 11 aizkolari ariko dira: Larrañaga, A. Mugerza III, Belauntzaran, Irazu, E.Otaño, Garcia "Utxu", Intxausti, Riaño, J. Rodriguez I, Kortxero eta Aritz Goñi etxarriarra. Lan berbera egin beharko dute.