Gaur abiatuko da Euskal Herriko Itzulia

Guaixe 2011ko apirilaren 4a

Gaur hasi eta larunbatean despedituko da Euskal Herriko Itzulia. Iazko garaile Alberto Contador da huts egingo duen izarrik nabarmena, Giroko prestaketan murgilduta baitago, baina beste izar asko ariko dira: Schleck anaiak, Samuel Sanchez, Chris Horner, Basso, Joaquim Rodriguez, van der Broeck, Gesink, Klöden, Vinokourov, Di Luca, Cunego, Leipheimer, Martin edo Tondo, esaterako. Larunbatera bitartean 873,5 km dituzte aurretik guztiek, etapa ikusgarrietan. Ostegunekoa etapa nagusia izanen da, Amurrion hasi eta Eibarko Arrate gainean despedituko dena, mendiz jositakoa, lehen mailako Ixua eta Uzartza tartean. Eta larunbatean, azken etapan, 24 km-ko erlojupekoa izango da Oñatin. Euskaltel-Euskadirendako berezia da lasterketa, etxeko proba, eta irabazten saiatuko dira. Horretarako Lizarran garaipena lortzetik moralez gainezka dagoen Samuel Sanchezek Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Pablo Urtasun sakandarren laguntza izango du tartean. Eta aipatzekoa da ere Rural Kutxa taldea ere lanean ariko dela. Gaur Zumarragan hasi eta despedituko den 149,5 km-ko etapa dute aurrez-aurre txirrindulariek, etapa gorabeheratsua eta gogorra, hirugarren mailako Gabiria eta Minasen ondoren bigarren mailako Elusia helduko baita, eta atzera ere hirugarren mailako Aztiria, Barbaris eta Gabiria, berriro ere. Helmuga bigarren mailako La Antigua ermitan izanen da, %22ko desnibela duten arranpa gogorrekin. Nuyens azkarrena Flandesko TourreanAtzo Flandesko Tourra jokatu zen Brujas eta Meerbeke artean. Klasiko handia da, murruen lasterketa bezala ezagutzen dena, 256 km-tan 18 murru gainditu behar baitira. Leopard Trek taldeko Fabian Cancellara zen faborito handiena, baina nahiz eta lan izugarria egin eta aurrean egon, ezin izan zuen iaz lortutako garaipena errepikatu. Cancellara eta Chavanel ihes eginda zihoazen, baina tropelak 9 km-ren faltan harrapatu zituen, Kapelmuur murru gogorra erabakigarria izan baitzen. Hala ere, suitzarrak ez zuen etsi eta behin eta berriz eraso egin zuen. Horrela, 3 km-ren faltan Cancellarak eraso egin zuen eta Chavanel eta Nuyens joan ziren bere atzetik. Bukaerako esprintean Saxo Bankeko Nick Nuyens izan zen azkarrena, freskoago baitzegoen, Chavanel eta Cancellararen aurretik. Movistar Team taldeko Imanol Erbiti hiriberriarra 66.a heldu zen helmugara, 12:37ra.