Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urteko batzarra egin zuen larunbatean Altsasun. Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak azaldu zuenez, "herritar andanak aldarrikatu du "euskaraz bizi nahi duela, eta Kontseiluak hori lortu nahi duten herritarrentzat akuilu izan nahi". Larunbateko batzarrean Kontseiluak erabaki zuen zentzu horretan urratsak eman daitezen lan egitea. Aurtengo plangintzarekin batera, iazkoaren balantzea ere egin zuen erakundeak. Bilbaok euskaraz bizitzeko eskubidea erdigune politiko-sozialean koka dadin deialdia egin zuen. Euskararen normalizazioa lortu ez denez indar gehiagoz lan egiteko deia egin zuen. Hala, guztiok elkarrekin lan egitearen beharra ere aipatu zuen Kontseiluko idazkari nagusiak. Izan ere, Bilbaoren esanetan "euskaraz bizi nahi duten herritarrei euskalgintzak babesa eman nahi die. Izan ere, guztiok elkarrekin lan eginez aurrerapausoak ematea lortuko dugu".Aurrera begira, norbanakoen aktibazioan indarra egin nahi du Kontseiluak: "Euskararen normalizazioan guztiok dugu zeregina. Bakoitzak bere esparrutik jomuga dugun normalizazioan urratsak eman daitezen eragin dezake", esan zuen Paul Bilbaok. Larunbatekoan, bestalde, Kontseiluak Xabier Mendiguren ohorezko lehendakari izendatu zuen.