Lizarrustitik Lareora, ikastolekin

Guaixe 2011ko apirilaren 8a

Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastoletako mendi taldeek antolatuta, igandean Lizarrusti-Lareo mendi ibilbidea egiteko aukera izango dute nahi dutenek. Jakina denez, haurrak eta gurasoak elkarrekin txangoak egitea da aipatu ikastoletako mendi taldeen asmoa, eta irteera egutegi polita prestatu dute. Nahiz eta ekimena ikastoletako gurasoek antolatu, jarduera irekia da eta edonork eman ahal du izena txangoan parte hartzeko. Iganderako, apirilaren 10erako, Lizarrustitik Lareoko urtegira irteera prestatu dute, Gipuzkoa aldean sartuz. Kotxeak Lizarrustiko aparkalekuan utzi eta urtegiraino tipi-tapa joatea litzateke erronka. "Bide polita da, erraza, baina aldi berean ikusgarria, malda batetik zoazelako. Ordu batean edo ailegatuko ginateke Lareoraino, han gosaldu eta buelta" adierazi du Iñigo Aritza ikastolako mendi taldeko Jaime Sanzolek. Hitzordua goizeko 9:30ean jarri dute Etxarri Aranazko Larrañeta kaleko autobus geltokian. Lehendabiziko txangoa martxoaren 20an egin zuten, Andiako Zalbiden barna, eta eguraldia lagun, oso esperientzia polita izan zen.