Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako klasifikazio tiraldietan onenak izan eta gero, asteburuan Granadan jokatuko den puntako txapelketan ariko diraJose Carlos Jimenez "Kali" altsasuarrak eta Enrique Urra olaztiarrak ametsa bete dute: asteburuan Granadako Las Gabias tiro zelaian jokatuko den Espainiako Foso Unibertsaleko Txapelketan aritzeko txartela lortu dute. Horretarako sailkatze fasea jokatu da berriki Nafarroan, eta klasifikatzeko baliagarriak ziren 11 tiraldietan aritu dira. "Egindako zortzi serie onenak puntuatzen zuten eta gu berdinduta geratu ginen, biak puntuazio onenarekin, 154 puntu. Nafarroako federazioak lehen bi onenak Espainiako txapelketara gastu guztiak ordainduta bidaltzen dituenez, ez genuen berdinketa hausteko saiorik jokatu eta gaur (ostirala) Granadara abiatuko gara. Oso kontentu gaude, hau sekulako zortea izan da" dio Kalik. Bi sakandarrek lortutakoa ez da kasualitatearen fruitua. Nafarroako Tiro Federazioak otsailean egindako urteko galan iaz maila bikaina eman zuten tiratzaileei domina banatu zien, euren lanaren errekonozimendu moduan, eta tartean aipatu domina jaso zuten Kalik eta Urrak. Ostiral goizean abiatuko dira Granadara. Las Gabias tiro zelaiak hartuko du txapelketa. Ostiral arratsaldean bertan entrenamendua egiteko asmoa dute sakandarrek, tiro zelaiari tamaina hartzeko. Orain arte ere makina bat entrenamendu egin dituzte. Guztira 191 tiratzaile ariko dira, estatuko onenak, munduko txapeldun Alberto Fernandez tartean. Kali eta Urra hirugarren mailan ariko dira, talde ezberdinetan. Maila horretan guztira 69 tiratzaile ariko dira. Kalik 29. dortsala eramanen du eta 5. eskuadran ariko da, eta Urraren dortsala 36.a izanen da eta bere eskuadra, aldiz, 6.a. "Punta puntako tiratzaileak ariko dira. Gu ilusio handiarekin goaz, eta helburua ikastea eta goi mailako proba batean parte hartzeko aukera ahalik eta gehien probestea da. Presiorik gabe aritzea da koxka, txapelketaren erritmoari eta urduritasunari eustea. Tiraldiak ongi ateratzen bazaizkigu lan polita egin dezakegu, baina dagoen maila altuarekin oso zaila izango da marka ona egitea. Tiratzaile onenak lanean ikustea ere polita izango da" dio Kalik. Dena den, bertan ariko diren guztiak maila ona dute, bertan aritzeko klasifikatu baitira, eta nork daki zer gerta daitekeen. Kontzentrazioa eta presioari eustea, funtsaLarunbatean goizeko zortzietatik hasita arratsaldeko zortziak arte ariko dira lanean, eta igandean berdin. Larunbatean 200 plater bota beharko dituzte, serietan banatuta, eta igandean beste horrenbeste. "Lehendabiziko tiraldia goizeko 8:20an duzu, eta gero akaso hiru ordu itxaron behar duzu hurrengo tiraldia egiteko. Eta horrela egun guztian barna. Horregatik da inportantea presio horri eustea: ahalik eta lasaien zain egotea, urduritasunari eustea... Tiro zelaia kalean dago, aire zabalean, eta taberna eta halako zerbitzuak ditu, baina luze egiten da egun guztia bertan ematea" dio Kalik. Tiroa kirol oso gogorra da, psikologikoki asko eskatzen duena eta mentalki ongi egotea eskatzen duena. Presioa kontrolatzea eta kontzentrazioa funtsezkoa da. Gainera, puntan egoteko asko entrenatu behar da, lehiaketan aritzen diren tiralariek maila ona dutelako, eta euren artean soilik plater oso gutxiren aldea dagoelako. Beste asmoakEspainiako Txapelketa bukatuta, ohiko denboraldiarekin jarraitzea dute buruan bi sakandarrek. Esaterako, apirilaren 17an Nafarroako Foso Unibertsaleko Kopa jokatuko da, 50 plateretara, eta uztailaren 31n Nafarroako Foso Unibertsaleko Txapelketa hartuko du Ribaforadak. Horretaz gain, tiraldi ugari daude eta beste modalitateetan, esaterako foso olinpikoan, aritzeko asmoa dute baita ere. "Hau oso kirol garestia da, eta horregatik zein tiraldietan ariko zaren ongi selekzionatu behar duzu" azaldu digu tiratzaile altsasuarrak.