Langile batek jasandako sexu erasoak salatu dituzte sindikatuek

Guaixe 2011ko apirilaren 6a

Ambulancias Baztan Bidasoa SL enpresako pertsonal-buru Jose Antonio Cesar Sola epaitegian zigortu berri dute, Altsasuko baseko langile bati sexu-abusuak egiteagatik. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta kalte moralengatik 6.000 euroko isuna ordaindu beharko ditu. ELAk, LABek eta CCOOk adierazi dutenez, "aspaldi ohartarazi eta salatu genuena agerian gelditu da". Enpresako zuzendaritzak salaketei jaramonik ez dietela egin eta enpresak pertsona hori bere arduran mantendu duela eta babesa eman diola salatu dute sindikatuek. Langileen ordezkariek nabarmendu dute pertsona horrek askotan urratu dituela langileen eskubideak. Hainbatetan salatu dituztela eta enpresak babesa eman ziola salatu dute.ELAk, LABek eta CCOOk enpresari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete dagozkien ardurak bere gain har ditzatela.  Zigortutako pertsona berehala kaleratzea eta enpresatik egokia ez den edozein jarrera baztertzeko eskatu dute. Enpresaren zuzendaritzari ere gertaera salatzeko eskatu diote.