ESKUTITZAK ITALIATIK II (Come on fandango)

Guaixe 2011ko apirilaren 8a

Vendettaren bigarren lanaren promozio bira osoan zehar galdera berari erantzun behar izan diot. Kaos bat omen dela musikaren mundua eta ea argi izpirik ikusten al dugun zulo beltz amaiezin honetan. Kazetariei galdetzea eta musikariei erantzutea gustatzen zaien kontua dela dirudi honako hau. Erantzunak negar forma hartzen du batzuen ahotan, «ez baita eskubiderik musikarion lanak jasaten duen zapalkuntzarekin». Aldarrikapenari ekiten diote beste batzuek «internetetik abesti bat jaistea delitua dela» argudiatuz. Badira ere «musikaren industriaren garai onak» oroimenera ekartzen dituzten nostalgikoak.Eta musikariok negarrez dihardugun heinean Iturmendiko gazteek gaztetxea okupatu dute akorde ugariren kabi izateko asmoz. Musikariok negarrez dihardugun heinean Haize berriak bezalako proiektuak indartuz, sendotuz eta handituz doaz. Musikariok negarrez dihardugun heinean ez da sarrera bakarra gelditzen Euskal Herriko hainbat jaialditara sartzeko (Aurreko asteburuko Atekarock eta Arabatakada kasu). Musikariok negarrez dihardugun heinean abesti bat idatzi dezakegu eta bost minututan munduko edozein txokotan entzun daiteke. Musikariok negarrez dihardugun heinean talde berriak ari dira errotzen Arbizun, Altsasun, Irurtzunen... Musikariok negarrez dihardugun heinean dena aurrera doa eta ez gaitu inork geldirik itxarongo.Egia da bai diskogintzaren kontzeptua aldatuz doala eta norabidea ez dagoela oso argi. Baina baikor izan beharko genuke musikariok. Garaiak aldatuz doazela onartu eta euren aurretik joaten saiatu. Negar egiteari utzi eta geure doinuak zabaltzeari ekin. Plaza asko baitago oraindik mugiarazteko, mezu asko zabaltzeko eta bihotz asko poztarazi eta hunkitzeko. Come on fandango!!