Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Plataformak manifestazioaren balorazio positiboa egin du Abian-ek deituta 2.000 pertsona inguruk manifestazioa egin zuten larunbatean Iruñeko kaleetan. Sakanan bizi eta lan leloa Nafarroako botere guneen aurretik pasa zuten: Nafarroako Gobernuaren egoitza, Parlamentua, Espainiako Gobernuaren ordezkaritza eta UPNren egoitzatik hain zuzen. Manifestazioaren akaberan Abian-eko kide batek aurreratu zigun uda aurretik aldarrikatu duten krisi mahaia osatzeko bilera deituko dutela, " gero arrankatzeko eta lanean hasteko". Bildutako jendetzarekin pozik zeuden plataforma kideak. "Ilusio" mezu bat ere zabaldu nahi izan zien Abian-ek egoera latza pasatzen ari diren pertsonei, "zeren ziur alternatibak daudela eta aurrera aterako garela". ArrazoiakAbian plataformak bi arrazoirengatik deitu zuen manifestazioa. Batetik, "lehentasunezkoa" jo zuen larrialdi-mahaia sortzea. "Krisiak kolpatu dituen sektore guztietako ordezkriak bertan bildu daitezen". Mahai horretan eragileen arteko analisiak partekatu eta guztien artean konponbideak bilatzen saiatzea "ahalbidetuko luke, Sakanan bizi eta lan leloa bideragarri egiteko". Abian-ek azaldu duenez, "eragile sozial eta politikoen gehiengoa jazo dugu eta lanean jartzeko borondatea zintzoa dela uste dugu". Manifestazioa deitzeko beste arrazoia Nafarroako Gobernuaren aldetik ibarrak jasotzen duen "utzikeria" salatzea izan zen. Abianek, atzera ere nabarmendu zuen foru administrazioaren utzikeria horrek "Iruñetik hurbilen ez dauden eremuetara ere zabaltzen dela, ez soilik Sakanara". Abianetik nabarmendu zuten ez zutela onartzen sakandarrak "bigarren mailako herritarrak bilakatzea. Ez dugu onartzen gure ekonomia eta zerbitzuak etengabe okertzen joatea". Sakana lur zati huts batean bihurtzen ez zutela utziko nabarmendu zuten Abian-etik. Aurreikusita dauden azpiegiturak (AHT edo 400 kV-ko argindar linea) inolako onurarik ekarriko ez ziotela eta herritarrei ez zaiela galdetu ere salatu zuten.Manifestarien testigantzakAltsasuko Esther Ramos manifestaziora joan zen, "laguntzen ez gaituzte eta nahikoa da. Mugitu beharra dago, hondoratzen ari gaituzte, aski da". Gazte altsasuar bat da Maria. Manifestazioan parte hartu zuen esateko: "Sakanan jada ez dago lanbiderik eta gure etorkizunagatik borrokatu behar dugulako". Aizkorbeko Candidok Sasoia jubilatu elkartearen pankarta eramaten parte hartu zuen manifestazioan. Gazteendako lana aldarrikatu zuen, baita Sakanak bizitzea eta gora egitea ere. Inasako langileek ere pankarta zabaldu zuten larunbateko manifestazioan. Enpresa batzordeko Fernando Carrion Galartza irurtzundarrak esan zigunez, "denok bezala, etorri gara Nafarroako Gobernuari esateko Sakana nola dagoen". Haiek ere hemendik aurrera enpresen asmoei aurre egiteko hemendik aurrera nahiko lan izanen zutela jakinarazi zigun. Mari Baztan bere senideekin manifestazio akaberan joan zen larunbatean. Iruindarra da Mari, sakandar guztiei elkartasuna adierazi nahi izan zien, "lanez oso gaizki dabiltzalako". Alaba eta suhia ibarrean bizitzen ari dira eta krisiak "ikutu" dituela aitortu zigun.Arfe, presenteArfeko langileen izenean hitza hartu zuen enpresa batzordeko buru Luis Victor Rodriguezek. Langileek jasotako elkartasuna nabarmendu zuen. "Zuen laguntza gabe gure borroka ezinezkoa izanen litzateke. Ia balio duen ixten den azken enpresa izateko". Arfegatik eta itxi duten enpresengatik protesta egitera joan zirela nabarmendu zuen. "Ea gaurkoa den Gobernuari aski da esatera etortzen garen azken aldia. Nahikoa da Sakana ondoratzeaz. Erriberakoak bezain nafarrak gara. Ez diezagutela ziririk sartu".