Haitzetan gora egiteko aukera paregabea

Guaixe 2011ko apirilaren 13a

Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak iaz antolatutako eskaladak izandako arrakastaren ondoren - 16 ikaslek eman zuten izena, gehienak emakumeak, eta oso gustura aritu ziren Jon Gurutz Lazkoz eta Ander Gardeazabal monitoreekin eskaladan murgiltzen - , aurten ere eskalada ikastaroa antolatzea erabaki du Sakanako kirol zerbitzuak, Nafarroako Kirol Institutuaren laguntzarekin. "Jendea kontentu eta eskaladan sakontzeko gogotan gelditu zen, eta, beraz, hobekuntza ikastaro bat antolatzera animatu gara. Horretaz gain, hastapen ikastaroa ere antolatu dugu" adierazi dute kirol zerbitzutik. Bi ikastaro: hastapena eta hobekuntzaIkastaroa egiteko bi aukera daude. Lehena hastapen ikastaroa izango da, eskaladan lehen aldiz murgildu nahi dutenendako aproposa. Maiatzaren 6an, 7an eta 8an izanen da, Lakuntzan, Uharte Arakilen eta Eginoko Lezean. Helburua aitzan eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea izanen da. Bigarren aukeraren alde egiten dutenek oinarrizko ezagutza batzuk dituzte, eta, hortaz, eurendako hobekuntza ikastaroa antolatu da, aurretik ikasitakoa hobetzeko. Kasu honetan maiatzaren 13an, 14an eta 15ean izanen da, Lakuntzan, Uharte Arakilen eta Eginoko Lezean. Ikastaroaren ordutegiari dagokionez, ostiraletan klase teorikoak emanen dira, 18:00etatik 20:00etara Sakanako Mankomunitatearen egoitzan, Lakuntzan. Larunbatetan eta igandetan 10:00etatik 17:00etara burutuko da ikastaroa.  Mankomunitatean geratu eta gero, nora joan erabakiko da. Norberak eguneko bazkaria eraman beharko du. Monitorea atzera ere Ion Gurutz Lazkoz eskalatzaile eta eskalada bide prestatzaile arbizuarra izanen da. Izena emateko13 urtetik gorakoek eman dezakete izena ikastaroan. Izena ematea zabalik dago, maiatzaren 2ra arte, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzura hots eginez (948 464 866 edo kirolak@sakana-mank.com). Prezioa 40 eurokoa da, eta izen ematea taldea bete ahala itxiko da. Norberak bere bidaiak antolatuko ditu. Materialari dagokionez, arnesa, katuak, kaskoa eta mosketoia ekarri behar dira. Norbaitek ez baditu, antolakuntzak utziko dizkio.