Mankomunitateak 60 konpostagailu banatu ditu

Guaixe 2011ko apirilaren 13a

Hilaren 6an, Sakanako Mankomunitateko Lakuntzako egoitzako batzar aretoa jendez bildu zen. Baina bildutakoak ez ziren herri-ordezkariak, 60 sakandar baizik. Guztiek ere Sakanako Mankomunitateak aurrera eraman duen konpostatze proiektuarekin bat egin dutenak. Hiri-hondakin solidoak murrizteko helburuarekin banatu ditu Sakanako Mankomunitateak oraingoan ere konpostagailuak. Ibarreko erakundetik azaldu digutenez, hiri-hondakinen %30-40 artean materia organikoa da. Konpostagailuak hori murrizteko bidea izan daitezke eta, horregatik, konpostatzearen alde egin du Sakanako Mankomunitateak.GehiagoAurreko asteazkenean 60 sakandarrek konpostagailuarekin batera, aireztagailua (nahasteko tresna) eta ontzi bana jaso zuten. Baita konpostagailua behar bezala erabiltzeko hitzaldia ere. Konposta ongi egiten ari den jakiteko teknikari baten laguntza jasotzeko aukera izanen dute kanpainan parte hartzen ari direnak. Gainera, aldian behin etxera bisitan joanen zaie, konpostaren kalitatearen inguruko parametro batzuk hartzeko eta parte hartzaileek izan ditzaketen zalantzak argitzeko. Etxeetako lorategietako adar eta bestelakoekin konposta egin nahi duenak, lana errazago izateko biotrituragailua izanen du eskura. Tresna hori Arbizuko hondakindegian izanen da eskuragarri. Hura etxera eramateko 20 euroko fidantza ordaindu beharko da eta 24 orduz erabiltzeko aukera izanen da. Konpstagailua nahi? Sakanako Mankomunitateak konpostagailu gehiago banatzeko asmoa du. Interesatuek 948 464 867 edo info@sakana-mank.com posta elektronikoan izena eman dezakete.