Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iruñeko Gaiarre antzokia leporaino bete zen atzo. Bertan agurtu zen 2011ko Haur Kantari Jaialdia. 19 taldetan banatuta, 100 kantari baino gehiagok emanaldi gogoangarria eskaini zuten haien guraso eta ikaskideen gozamenerako. Denetariko abestiak entzuteko aukera izan zen, denak ere euskaraz. Abeslari gazteek haiek sortutako melodiak, bertsioak eta itzulpenak eskaini zituzten. Geldi-geldi eta urduri aritu ziren batzuk, beste batzuk berriz apaindu, mozorrotu eta dantzatzera animatu ziren. Orokorrean, alaitasuna eta festa giroa nagusitu ziren. Sakanak ordezkaritza izan zuen euskal kantuaren festan. Bertan izan ziren Lakuntzako San Saastin musika eskolako taldea, Altsasuko taldea eta Jaione eta Aintzane Diaz ahizpak. Abeslari gazteek lan ederra egin zuten.Iruñeko emanaldian nabarmendu ziren abeslariak Euskal Herriko Txapelketarako hautatu dituzte. Ekainaren 11n jokatuko da Hazparnen. Txikien kategorian, Leire Erbiti eta Larun taldea sailkatu ziren. Gazteen ordezkariak, berriz, Arangurengo Ander Martin eta Josu Zabala eta Tafallako ikastolako Gazte gudariak izanen dira.